Oinezko bide berri batek lotuko ditu aurrerantzean Arakaldo eta Arrankudiaga-Zollo, bi udalerrien artean "modu iraunkorrean eta motorrik gabe igarotzeko" aukera eskainiz herritarrei. Bidea eraikitzeko Petxabitik Urgoitiraino zihoan Andabide zaharra berreskuratu dute.
Ibilbideak 4 kilometroko luzera du Nerbioi ibai-ertzetik. "Jende guztiarentzat da egokia — adierazi dute Arrankudiaga-Zollo eta Arkaldoko Udaletatik —, adin eta egoera fisiko guztietako txangozaleentzat, familientzat, turismo aktiboa praktikatzen dutenenentzat, etab".
Lau hilabeteko lanak
Obrak lau hilabetez luzatu dira, eta orotara 119.717,40 euroko aurrekontua izan dute; horietatik 80.000 euro Eusko Jaurlaritzak finantzatu ditu, Arakaldoko Udalari esleitutako diru-laguntza baten bidez, garapen jasangarria sustatzen duten ekintzak diruz laguntzeko deialdiaren barruan. Gainerako 39.717,4 euroak Arakaldoko Udalak jarri ditu.
Obrek iraun bitartean aurkitutako zailtasunetako bat, bidean zegoen lur jausi bat gainditzeko egin beharreko ikerketa geologikoa izan da. Arakaldoko Udalak hartu zuen honen gaineko ardura, oinezkoen segurtasuna bermatze aldera. Panel informatiboak jarri dituzte ere.
