Eskualdeko ohiko tokietan eskuratu daiteke honezkero Aiaraldea Hemen hamabostekariaren 169. alea. Laudioko Ilargi tabernako Pili Carrillo jaso dugu azalean. Izan ere, ixteko arriskuan dago taberna, eta gaia Espainiako Auzitegi Goreneraino iritsi da. Haritik tiraka, Laudioko tabernen alokairuen prezioen inguruko erreportajea aurkituko du irakurleak agerkariko orrien artean.
Beste gai interesgarri asko jorratzen ditu hamabostekariak, pertsona migratuen errealitatea tartean. Eskualdeko hainbat pertsona migraturen bizipenak jaso ditugu hamabostekarian, euren egoera erregularizatzeko duten zailtasunetan jarriz begirada.
Elkarrizketak
Bi elkarrizketa sakon bildu ditugu azken zenbaki honetan ere. Alde batetik, Pedro Eguiluz margolariarekin elkartu gara, eta Orduña Hiria Museoan aurkeztu berri duen erakusketaren nondik norakoak azaldu dizkigu. Bestetik, Izaro Blanco gaztea ere elkarrizketatu dugu. 17 urterekin Ligth Contact diziplinako Munduko Txapeldun bihurtu da borrokalari orozkoarra.
Datozen egunetan banatuko da hamabostekaria eskualdeko saltoki, taberna, ikastetxe, kulturgune, liburutegi eta kaleetan, doan.