Haize ufadek ezaugarritu dute urriaren 23ko denboralea. Haize ufada biziak egon dira Aiaraldean, eta kalteak eragin dituzte hainbat tokitan.
Lekukoek Aiaraldea Komunikabideari adierazi diotenez, Anuntzibai inguruan zuhaitz bat erori da; eta Aretako ibaiertzean ere bai. Horrez gain, Laudioko Ermualden zuhaitz handi bat bota du haizeak. Amurrion ere jazo da enbor erorketa bat.
Artziniegako Udalak sare sozialetan azaldu duenez, Dorretxeko kalea itxi dute. Izan ere, obretan dago eraikina, eta haizeteen ondorioz teilak erortzeko arriskua dago.
Informazio gehiago jaso ahala eguneratuko dugu albistea.