Errigora egitasmoak jakinarazi du inoiz baino boluntario gehiago batu dituela aurten euskara eta elikadura-burujabetza bultzatzeko Nafarroa Garaiko hegoaldean eta erdialdean. Tokiko produktuekin hornitutako hiru kutxa mota sortu dituzte aurten ere eta horietako bana zozkatuko ditu Aiaraldea Komunikabideak, "Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka" ekimenaren barruan.
2013an lanari ekin zionetik, Errigorak lortu du 1.600.000 euroko ekarpen ekonomikoa egitea Nafarroako euskalgintzako eragile nagusiei: AEK, ikastolak eta Sortzen -D eredua eremu zonifikatuetan exijitzen duen antolakundea-. Izan ere, Errigoraren aurtengo helburua da indartzea zonifikazio politiken kontra aritzen diren lagun eta taldeak babestea, "Bat egiteko garaia da" lemapean.
Horretarako, boluntario sare handia baliatuta eta elkarlanean "hiru saski izango ditugu kanpaina honetan: saski beltza (55€), Errigoraren saski klasikoa, saski berdea (65€), ekologikoa, eta saski zuria (75€), berezia. Gainera, iaz egin genuen gisan, saski bakoitzean egutegi txukun bat sartuko dugu", azaldu dute.
Biltzen den diruaren %25 bideratuko da euskalgintzara eta kanpaina azaroaren 10era arte luzatuko da. Erosketa egiteko Errigorako webgunea baliatu behar da. Gainera, esan bezala, Aiaraldea Komunikabideak saski beltza, saski berdea eta saski zuri bana zozkatuko ditu.