ERREPORTAJEA

Pertsona migratuen errealitatea, azalera

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko aza. 3a, 06:00

Mina Elyk eta Alessandro Brentanak migrazioaren inguruan hausnartu dute. / Aiaraldea.eus

Giza Eskubideak urratuz eta legearen interpretazio interesatuekin pertsona migratuen aurrean harresia eraiki dute Europako estatuek. Espainiako Estatuan, esaterako, asilo-eskatzaile guztien eskaeren %10 onartzen dira bakarrik, milaka lagun linbo juridiko batera kondenatuz. Atzean izen abizenak eta istoria errealak aurkitzen dira zifra horien.

Asko dira bizitza hobe baten bila, munduko hamaika herrialdetatik Aiaraldera etorri diren pertsonak; orotariko arrazoiek bultzatuta, asko baldintza gordinenetatik ihesi: gerra, pobrezia, jazarpena… Pertsona migratu haina arrazoi, eta beste hainbeste bizipen guzti hauen atzean. Herrialde bateko zein besteko etorkinek errealitate krudel berdinarekin egiten dute topo: euren egoera erregularizatzeko ezintasuna.

“Orokorrean borondate politiko falta dago pertsona migratuen egoera bideratzeko. Ukrainatik etorritako pertsona guztien eskaerak, ordea, azkar batean erantzun dira”

Nondik dator erregularizatzeko zailtasun hori? Alessandro Bentrana ZEHAR-Errefuxiatuekin elkarteko kidea da, eta berak argi du erantzuna: “Arrazismo instituzional asko dago”. Besteak beste, asilo-eskatzaileekin egiten du lan Bentranak eta ondo ezagutzen du pertsona migratuek bizi duten egoera.

Bentranaren iritziz, herrialde industrializatuek interesa dute biztanle saldo bat limbo juridiko batean mantentzen, hauek inork egin nahi ez dituen lan eta ogibideetara bidaltzeko. “Espainiako Estatuko ekonomia pertsona migratuek eusten dute, baina hori ez da inon aitortzen. Pertsona migratuak dira landa eremuan jornalari lanak egiten dituztenak, zaintza lanak euren gain hartzen dituztenak… — nabarmendu du Bentranak — ezinbesteko lanak dira guztiak, baina lan baldintza oso prekarioetan eginak; hor baliatzen du estatuak pertsona migratuen ezegonkortasuna”.

Cheryf eta Djamila

Ezegonkortasun egoera horretan aurkitzen dira, beste hainbesteren artean, Cheryf eta Djamilaren familia. Arrankudiaga-Zollon bizi dira lau seme-alabarekin batera. Egoera erregularizatzeko ezinbestekoa dute lan kontratu bat, baina paperik ezean ezinezkoa dute lan eskaintzarik aurkitzea.

Historia gogorra da Cheryf eta Djamilarena. Duela ia hiru urte alde egin zuten Aljeriatik. “Oso gogorra da bizitza Aljerian, kaos hutsa da, ez dago gobernurik. Txiroak ginen eta ez genuen gure bizitza aurrera ateratzeko inolako baliabiderik — gogoratu du Cheryfek — Egonkortasun bilatzeko genuen alde bertatik, seme alabei bizitza duin bat eskaini ahal izateko”. Cheryf taxi gidari bezala aritu zen bertan, eraikuntzako behargin gisa ere eman zuen denbora, baina nekez irabazten zuen bizitzeko beste. Gurasoak galdu zituzten biek gaztetan, eta, aitortu dutenez senideen babesik gabe zaila da Aljerian bizirautea.

2019ko azaroan gurutzatu zuten mediterraneo itsasoa Cheryfek, Djaimilak eta euren hiru seme alabek. patera batean sartuta. Djamila haurdun zegoen une horretan “Oso bidaia gogorra izan zen, pateran beldur asko pasatu genuen, baina Aljeriako kostaldeko labarretan behera hondartzan paterara igo arteko bidea ere oso arriskutsua eta beldurgarria izan zen”, azaldu du Djamilak.

26 ordu igaro zituzten Afrikako kostaldearen eta Espainiako Estatuaren arteko uretan. 200 kilometroko bidaia zen, beste hamar lagunekin batera. “Neguko eguraldia zegoen, euria eta hotza. Oso gogorra izan zen —  gogoratu du Cheryfek begiak bustirik — Murtziako kostaldera iristeko 40 kilometroren faltan, Espainiako Itsas Armadako ontzi batek erreskatatu gintuen”.

“Gezurra esan ziguten, dokumentu batzuk sinarazi zidaten guk asilo programari uko egiteko. Ez zidaten itzultzailerik jarri, eta esan zidaten bidaia txartelen paper batzuk zirela soilik”

Familiaren odisea, ordea, ez zen bertan amaitu. Mediterraneoa bezain ekaiztsua izango zen borroka burokratiko amaigabe bati ekin zioten. Hilabete gutxi batzuk igaro zituzten Cartagenan, fundazio baten laguntzarekin. Bertan zeudela asilo humanitarioko programaren barruan sartzea eskatu zuten. Orduan jaio zen familiako laugarren semea.

Sei hilabeteko luzapena eskatu zezaketen Murtziako fundazioan baina Euskal Herrira joateko esan zieten: “Gezurra esan ziguten, dokumentu batzuk sinarazi zidaten guk asilo programari uko egiteko. Ez zidaten itzultzailerik jarri eta nik ez nuen ezer ulertzen, esan zidaten lekualdatze bat ari nintzela sinatzen, bidaia txartelen paper batzuk zirela soilik”. Familia aljeriarra ez zen engainuaz jakitun izan Iruñara iritsi arte: “Donostiara jo genuen aurrena. Bertako zerbitzu sozialek gure izenak sisteman sartzerakoan uko egin zioten gu laguntzeari, baina ez ziguten apartekoa azalpenik eman. Murtziara bueltatzeko dirurik ez genuenez Gasteizera joan ginen eta bertatik Iruñara”. Iruñako Gurutze Gorrian, orduko hartan bai, itzultzaile baten laguntzaz, jabetu ziren Murtziako amarruaz: asilo programatik kanpo utzi zituzten.

Cheryf, Djamila eta seme alaben epopeia ez zen bertan bukatu. Bilbora bidali zituzten, beste fundazio baten laguntzaz. Bilboko aterpe batera bideratu zituzten, eta bertan igaro zuten COVID-19ak eragindako pandemiaren lehenengo olatua eta konfinamendua. Buelta askoren ostean, Arrankudiagako etxebizitza batera iritsi ziren. Orduan ere tramitea bideratu zuen fundazioak hainbat oztopo jarri zizkien: “Ez zuten gure seme-alabak eskolara bidaltzerik nahi, legez horretarako eskubidea duten arren. Hiru hilabete igaro genuen aurrera eta atzera”.

Gaur gaurkoz, Arrankudiagako eskolara doaz Cheryf eta Djamilaren seme-alabak. “Azkar ikasi dute euskara, oso ondo moldatzen dira. Zoriontsuak dira Arrankudiagan; lagunak dituzte, esku-pilotan oso gustura ibiltzen dira… Hori da beraientzat nahi dugun guztia”. Halaber, gurasoek euren egoera erregulatu ezean, ezegonkortasunak jarraituko du familiaren egunerokoa arautzen.

Mina

Mina Elyk zorte hobea izan zuen, baina berea ere, beste hainbesterena bezala, oztopoz beteriko migrazio istorioa da. “Ni 10 urterekin iritsi nintzen Amurriora. Nire esperientzia ez zen hain gogorra izan, beste pertsona batzuen egoerarekin alderatuta. Nire aita oso gaixorik zegoen, eta Mauritanian ezin genion osasun arreta duinik bermatu, dirutza ordaindu beharko genukeelako”.

Turista bisa batekin sartu ziren Espainiako Estatura, eta hura agortutakoan ezegonkortasun juridikoan murgildu ziren: “Niri horrek ez zidan aparteko ezer eragin, ikasten nengoen eta horretarako ez nituen paperak behar, nire eskubidea zelako. Lan egiten hasi nahi nuenean, ordea, asko kostatu zitzaidan nire egoera erregularizatzea”. 

Sistema arbitrario batekin egin zuen topo orduan Minak. “Nire anaiari arazorik gabe onartu zizkioten dokumentuak. Niri, aldiz, ez zizkidaten bideratu nahi. Ulergaitza da, batzuetan onartzen zaituzte eta beste batzuetan ez, artatzen zaituen funtzionarioaren araberakoa da. Asko borrokatu behar izan nuen”. Bost urte igaro zituen Minak horrela, eskaerak aurkeztuz, eta hauek ukatuak ziren aldiro, prozesua berriz hasiz, harik eta administrazioak dokumentazioa onartzea erabaki zuen arte. Bost urte horietan dokumentu berdinak aurkeztu zituen Minak aldiro; bere egoera erregularizatzea erabaki arbitrarioa izan zen.

Borroka burokratiko horren beste alderdi batean ere jarri nahi izan du fokua Minak: “Egoera irregularrean dauden pertsona migratuek,hemen geratzeko bezain beste zailtasun dituzte euren herrialdeetara itzultzeko. Ni hirutan izan naiz Mauritanian, baina oztopoak ez dira falta izan. Beti dago bueltatu ezin izango zarenaren beldurra. Pertsonak linbo juridiko batean ez ezik, nortasun linbo batean ere kokatzen ditu: Ez zara bertakoa, baina zure sustraiak ere galdu dituzu. Ez zara inongoa”.

Asilo eskaerak

“Oso zaila da asilo eskaera bat lortzea. Paperaren gainean eskubideak bermatzen badira ere, aplikatzerako ordua ia ezinezkoa bilakatzen da asiloa eskuratzea”, azaldu du Alessandro Brentanak. Espainiako Estatuan asilo eskakizun guztien %10 onartzen da bakarrik. Horrek zailtasun larriak sortzen dizkie pertsona migratuei lana bilatu edo ikasketak egiterako orduan.

“Asiloa lortzen duten horiek ere ez daude ataka errazean — gaineratu du Berentanak — denbora gutxi dute hizkuntza ondo ikasi eta heziketa zentroetan jatorrizko herrialdean zituzten ikasketak homologatzeko. Hor ere zenbait eskubide urratu egiten dira”. Brentanaren iritziz pertsona migratuen ikasketa maila “debaluatzeko” diseinatutako sistema da hori.
Bestalde, asiloa eskuratzen ez duen gainerako %90 egoera irregularrean geratzen da, araututako lan-merkatutik kanpo, eta lan baldintza prekarioetara kondenatuta.

2021ean 65.000 asilo eskaera jaso zituen Espainiako Estatuak, pandemia hasi aurretik urtean 118.000 eskaeratik gora jasotzera iritsi zen

Espainiako Estatura iristen diren pertsona migratuei hiru asilo mota eskaini ahal zaizkie. Alde batetik asilo politikoa dago, arrazoi ideologiko, sozial edota erlijiosoengatik jatorrizko herrialdean errepresaliatuak izateko arriskua duten pertsonei eskainia. Bestetik babes subsidiarioa eskaini dezake estatuak, baldin eta pertsona migratu horien jatorrizko herrialdea gatazka armatu batean murgilduta badago. Azkenik, asilo humanitarioaren figura dago, datuen arabera kasuen %97an Venezuelatik etorritako pertsonei eskaintzen zaie soilik.

2021ean 65.000 asilo eskaera jaso zituen Espainiako Estatuak. Pandemia hasi aurretik, urtean 118.000 eskaeratik gora jasotzera iritsi zen. Baimen guzti horien ehuneko oso handi bat ukatu egiten da; iaz  49.500 eskaera izan ziren atzera bidaliak. “Borondate politiko falta dago pertsona migratuen egoera erregularizatzeko. Ukraina gerrak erakutsi du badagoela gauzak egiteko beste modu bat. Izan ere, Ukrainatik etorritako pertsona guztien eskaerak azkar batean bideratu dira. Arrazismo instituzionalaren beste adibide bat”, azaldu du ZEHAR elkarteko kideak. 

“Gainera, migrazioaren inguruko errelato faltsua eraiki dugu. Espainiako Estatura iristen diren pertsona migratu gehienak Brajaseko aireportutik iristen dira, Kolonbia eta Venezuelatik. Ez dira pateretan iristen”, azpimarratu du Brenatanak.

Europako harresia

“Horri guztiari gehitu behar zaio pertsona migratuek pairatu beharreko mugako indarkeria” gaineratu du Alessandro Brentanak. “Guk Europan ez dugu gertutik bizi, hirugarren herrialde batzuk kontratatzen ditugulako horretan jarduteko”. Libia da adibideetako bat. Izan ere, Italiako gobernuak akordioak ditu Bertako administrazioarekin pertsona migranteak blokeatzeko. Espainiako Estatuaren kasuan, Marokoko erreinua da indarkeria hori aplikatzeaz arduratzen dena.

“Melillako hesian duela gutxi gertatutako sarraskia da horren adibide. Europako herrialdeak ere badira basakeria horren erantzule”. Alessandro Brenatanaren iritziz migrazioa arazo handi bat da Europako Estatuentzat zein tokiko administrazioentzat, ez ikusiarena egiten dute eta pilota alderik alde pasatzen dute, neurriak hartu beharrean milaka lagun ezegonkortasun egoera kroniko batean mantenduz.

Urratsak aurrera

ZEHAR-Errefuxiatuekin elkarteak 25 urte daramatza asilo eskatzaileak artatzen eta hauei harrera egoki bat eskaintzen. Borroka burokratikoaz harago pertsona hauek komunitatean integratzea ere ezinbestekotzat jo du Brentanak: “Sareak ehundu behar ditugu, elkar ezagutu eta ekosistema egokia sortu pertsona migratuak gure artean ondo integratu eta erraztasunak izan ditzaten”. Komunitatea ahalduntzeko beharrean jarri du Brentanak azpimarra. Bide horretan ekintza ugari egin ditu elkarteak Amurrioko zurrumurruen aurkako taldearekin elkarlanean. Garatutako azken proiektua da herriko pertsona migratuen bizipenak biltzen dituen dokumentala da, baina badira bide berean urratsak ematen dituzten beste hamaika egitasmo. Horien artean aurkitzen da ere urteroko Bizilagunak ekimena aurten ere jatorri desberdineko herritarrak otordu baten bueltan elkartuko dituena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide