Iritsi da onddo eta perretxiko sasoia

Jone Gartzia Gerra 2022ko urr. 28a, 12:00

Laudiok XL. Udazkeneko Aste Mikologikoa hartuko du. / Aiaraldea.eus

Eguraldiak kontrakoa iradoki arren, udazkena aurrera doa eta perretxiko garaiari eman dio hasiera. Ohikoa den bezala, mikologiarekin lotutako jarduerak antolatu dituzte eskualdeko hainbat herritan.

Asteburu honetan bertan hasiko dira Laudioko eta Urduñako jardunaldi mikologikoak. Urduñan, esaterako, urriaren 29an eta 30ean eta azaroaren 1ean, 5ean eta 6an egingo dituzte jarduerak: miko-pintxo eta miko-menu ibilbidea egiteko aukera egongo da hiriko alde zaharreko taberna eta jatetxeetan.

Azaroaren 5erako, gainera, egitarau berezia atondu dute: sukaldaritza mikologiko ikastaroa eskainiko dute turismo bulegoan, 10:00etatik 12:00etara, 2 euroren truke. Aitor Martinez Aspiazuk, EITBko Sukaldari lehiaketa gastronomikoaren 1. edizioaren irabazleak, gidatuko du saioa. Horrez gain, perretxikoak eta onddoak dastatzeko aukera egongo da 12:30etik 14:00ak bitarte Foru Plazan jarriko duten tokiko ekoizleen merkatuan. Turismo bulegoan bertan eros daitezke tiketak.

Perretxikozaleen Laudio Elkarteak, bere aldetik, askotariko jarduerak prestatu ditu, urriaren 31n hasi eta azaroaren 6ra bitarte luzatuko direnak. Bazkideen Batzar Orokorrarekin emango diote hasiera XL. Udazkeneko Aste Mikologikoari datorren astelehenean, eta hitzaldiak eta erakustaldi gastronomikoak egingo dituzte aste osoan zehar. Igandea izango da egunik handiena, azaroaren 6a. 10:00etatik aurrera Udazkeneko XL. Mikologia Erakusketa atonduko dute, perretxikoen gastronomia lehiaketarekin, haur eta gazteen marrazki lehiaketarekin, fosil erakusketarekin eta egurrezko perretxiko erakusketarekin. Gainera, trikitilariek alaituko dute zaporez bustitako goiza.

Amurrion, bestalde, joan den asteburuan hasi zituzten XIX. Mikoturismo egunak. Asteburu honetan jarraituko dute herriko zenbait jatetxetan perretxikoekin egindako menu gastronomikoak eskaintzen.

Horrez gain, herriko 10 saltokik pintxo lehiaketan hartuko dute parte, eta herritarrek azaroaren 9ra bitarte bozkatu ahalko dute. Ekitaldi mikologikoak biribiltzeko, azaroaren 4an hitzaldi mikologikoa eskainiko dute 19:00etan Katekesi aretoan, eta azaroaren 5ean eta 6an perretxikoak sailkatzeko eta erakusteko ohiko jardunaldiak egingo dituzte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide