Rikardo Arregi Sarien finalista da Aiaraldea Komunikabidea

Erredakzioa 2022ko aza. 8a, 15:17
Duela bi urteko sari banaketa./ Aiurri.eus

Andoaingo Udalak antolatzen duen sari banaketak aitortu du Aiaraldea hedabidearen lana komunikazio esparruan, baina, aldi berean, azpimarratu du proiektu osoak izandako bilakaera, Aiaraldea Ekintzen Faktoria barne.

Rikardo Arregi Sariak egitasmoak gaur jakinarazi du nortzuk izango diren 2022ko edizioko finalistak eta euren artean dago Aiarldea Komunikabidea. Hain zuzen, Komunikazio Saria lortzeko lehiatuko da hedabidea.

Azaroaren 30ean izango da sariak (9.000 eurokoak) banatzeko ekitaldia Bastero Kulturgunean eta komunikazioaren esparruan, tokiko proiektua ez ezik, enpresabidea.eus, Aiora Probatxoa Youtuberra eta aikotaldea.eus egongo dira. Kazetaritza Sarian, ordea, Amaia Lekunberri Ansolak ekoitzitako Anorexia, bestelako gerturapen bat. Zer dio jateari uzten dionak, jateari uzten dionean? izenburuko Larrun monografikoa, ETBren Aske bizi dokumentala, Miel A. Elustondok BERRIA egunkarian argitaratutako Tonban ehortzirik erreportaje sorta eta ETBren Biba zuek magazina egongo dira.

Epaimahaia

Finalistak izendatu dituen eta sariak erabakiko dituen epaimahaia ondorengoek osatzen dute: Itxaro Borda (idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Aingeru Epaltza (idazlea eta hainbat hedabidetako kolaboratzailea), Pantxika Maitia (kazetaria eta film-egilea), Miren Gabantxo (UPV/EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultateko irakaslea), Ion Muñoa (Deustuko Unibertsitateko Komunikazio Graduko irakaslea), eta Jon Sarasua (MUko HUHEZIko irakaslea eta komunikazioan aditua). Mahaiburua Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi arduraduna, Alexander Huitzi, eta idazkaria, Arantza Aguado, Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria dira.

Aiaraldea izendatzeko arrazoiak

Egitasmoak berak azaldu du zergatik hautatu duen Aiaraldea Komunikabidea finalean aritzeko: "Aiaraldea komunikazio taldeak urteak daramatza euskarazko hedabide-lanetan ingurune soziolinguistiko zailean hizkuntzari arnasa ematen. Hedabide-lanetatik hasita, proiektu zabalago eta integralago bateranzko bidea hasi du azken urteotan. Hedabide soil izatetik, dimentsio anitzeko proiektu komunitario izateko bidean da. Pandemiaren lehen urtean egindako gogoeta estrategikoari jarraituz, Aiaraldea kooperatiba bihurtu da, eta esparru guztietan (aisialdia, kultura, hezkuntza, ekonomia...) euskaraz egituratuko diren proiektu eraldatzaile berriak sustatzen ditu. Aiaraldea Ekintzen Faktorian aurten emandako pausoak dira ibilbide horren lekuko. Aiaraldea hedabidea bera da prozesu horren guztiaren ardatza, plazaratzailea, profesionaltasuna eta konpromisoa batzeak ematen duen kalitatez egina. Euskal Herriarentzat, euskararen komunitatearentzat, zentzu askotan inspiratzailea eta bide erakuslea da euskararen lurraldearen ertzetako batean martxan dagoen egitasmoa". 

Bi omendu

Sariak banatzeaz gai, bi lagunen lana ere goraipatuko dute azaroaren 30ean, Elixabet Garmendia kazetariarena eta Patxi Baztarrika euskara teknikaria -sarien sortzaile teknikoa, hain zuzen-.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide