Azaroaren 20an otordu baten inguruan elkartuko dira hainbat jatorri eta kulturetako bizilagunak

Erredakzioa 2022ko aza. 11a, 10:36

Iazko 'Bizilagunak' ekimenaren irudiak. / Aiaraldea.eus

Zurrumurruen aurkako taldeek eta Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak azaroaren 20an antolatuko dute 'Bizilagunak' ekimenaren edizio berri bat. "Elkar ezagutzearen onena" lemapean bazkariak antolatu dituzte Artziniegan, Amurrion eta Laudion.

Jatorri eta kultura desberdinetako aiaraldearrak mahai baten bueltan elkartuko dira datorren azaroaren 20an otordu bat eta esperientzia ugari elkarbanatzeko asmoz. Aiaraldeko zurrumurruen aurkako taldeek eta Zehar-Errefuxiatuekin elkarteak antolatu dute ekimena beste urte batez jarraian.

"Ekimenak, igande baten, mahai baten inguruan, ezagutzen ez diren identitate kultural desberdineko bi familiek elkarrekin bazkaldu dezaten sustatu nahi du; familia bera, elkar maite duten edozein pertsona talde bezala ulertuta" azaldu dute Zehar elkarteko kideek. "Horrela, ekimen hau zurrumurru xenofobo/arrazistak zalantzan jarri eta kulturaniztasunari keinu egiteko ere erabiltzen dugu".

Hitzordu desberdinak Aiaraldean

Eskualdeko zurrumurruen aurkako taldeek Artziniegan, Amurrion eta Laudion antolatu dituzte bizilagunak elkartzeko ekimenak. Herri bakoitzean formatu batean edo bestean egingo dituzte elkarretaratzeak. Amurrion 13:00etan jarri dute datorren igandeko hitzordua, Juan Urrutia plazan. Laudion eta Artziniegan, aldiz, Gure Aukera elkartean eta frontoian elkartuko dira, hurrenez hurren.

Egitasmoan parte hartu nahi duten familiek bi telefono zenbaki dituzte eskura, informazio gehiago eskatu edota izena emateko: 747 45 25 60 eta 688 80 03 37 telefonoak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide