Aiarako Kuadrillak eta Urduñako Udalak enplegu plan berria jarri dute abian beste urte batez jarraian. Plan berri horrekin 2023an 27 lagun sei hilabetez kontratatzeko asmoa daukate, Laudio, Amurrio, Okondo, Aiara, Artziniega eta Urduña udalerrietan. Kontratazio guzti horietatik 24 lanaldi osokoak izango dira, eta beste hiru kontratazioek %60ko lanaldia izango dute.
Enplegu plan berri hori langabezian dauden pertsonentzat dago bideratua, eta udalerri bakoitzaren beharren arabera profil bat edo beste kontratatuko da. Planaren kostua 580.000 eurotik gorakoa da, eta Lanbidek %60 finantzatuko du.
Izena emateko epea zabalik
Atzo, azaroak 15, egin zen publiko deialdia, eta honezkero zabalik dago bertan izena emateko epea. Interesdunek Lanbideko atarian eman ahalko dute izena, azaroaren 30 bitarte. Encina Castresana Aiarako Kuadrillako lehendakariak zehaztu du kontratazio guztiak abenduaren 31 baino lehenago egingo direla.
Kontratazio gehiago abian
Une honetan 27 pertsona daude kontratatuta berroreka eta ekitaterako lurralde-proiektuetan, kolektibo kalteberei laguntza eskaintzeko planaren barruan. "Tokiko ekimen hori Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planean sartzen da, eta plan horrek Europar Batasuneko Next Generation Berreskuratze Funtsen finantzaketa du", azaldu dute Aiarako Kuadrillatik. Bide berean, 2023an lurralde-plan berri bat egitea espero dute, 16 kontratazio berri gauzatuz.