Aiara Industrial Lab enpresentzako egitasmoan milioi bat euroko inbertsioa egingo du Arabako Foru Aldundiak

Aitor Aspuru Saez 2022ko aza. 19a, 09:00

Arabako Foru Aldundiak sustatu du egitasmoa, Laudioko eta Amurrioko udalekin eta Aiarako Kuadrillarekin batera, eta Aiaralderako Berehalako Jarduera Planean jasotako ekintza da. Bere helburua da enpresa hornitzaile eta laguntzaileak garatzea eta proiektu berriak sortzea.

Ostegunean aurkeztu zuten Refor enpresaldean Aiara Industrial Lab egitasmoa. Eusko Legebiltzarrak onartutako Aiaralderako Berehalako Jarduera Planaren barruan aurreikusita zegoen ekimen hori. Guztira, foru erakundeak milioi bat euro bideratuko du zentro horretara eta hurrengo zerbitzuak eskainiko ditu:

  • Berrikuntza irekiko sistema bat garatzeko zerbitzuak.
  • Ekintzaileen, barne ekintzailetzaren eta startup-en garapenerako aholkularitza eta laguntza.
  • Enpresa ekimen berriei laguntza estrategikoa, finantzarioa eta komertziala ematea.
  • Eskualdeko behar espezifikoetara bideratutako prestakuntza.

Zentroa Reforren bertan egongo da kokatuta eta gertuko lankidetza harremanak ezarriko ditu tokiko ingurunearen sustapen ekonomikoan diharduten eragile aktiboekin, baliabide publiko zein pribatuen osagarritasuna eta optimizazioa bilatzeko.

Amurrio Bidean, Laudio Hazi eta Aiarako Kuadrillako Ekonomia Sustatzeko Zerbitzua arituko dira Araba Garapen Agentzia foru agentziarekin batera. Aiara Industrial Labek eskualdeko enpresekin eta beste eragile ekonomiko batzuekin lankidetzan aritzeko eskema prestatuko du, foro iraunkorren eta lantalde espezifikoen bidez, euren beharrak eta erantzunak identifikatzeko, betiere eskualdearen lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin.

Pilar García de Salazar diputatu nagusiorde eta Ekonomia Garapenaren, Berrikuntzaren eta Demografia Erronkaren Saileko diputatuak, Encina Castresana Aiarako Kuadrillako presidenteak, Txerra Molinuevo Amurrioko alkateak eta Ander Añibarro Laudioko alkateak ez ezik, eskualdeko hainbat ordezkari politikok eta enpresako kideek parte hartu zuten aurkezpenean.

Argazkiak: Allende Solaun Boada

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide