EH Bilduko Aiaraldeko zenbait alkatek eta zinegotzik adierazpen bateratua egin dute kritikatzeko eskualdea suspertzeko plan estrategikoaren bilakaera. Hasteko, azpimarratu dute irailean egin behar zela aurkezpena eta ez dela hori gertatu. Are gehiago, koalizioak nabarmendu du plana aurten egon behar zela indarrean eta ez dela hori gertatzen ari.
Bestetik, EH Bilduren ustez, "Aiaraldeak Eusko Legebiltzarrean egindako ponentziaren ondorioak argiak izan ziren, eta Aiaraldeak lehenbailehen suspertze sozioekonomikoa behar duela zehaztu zen. Hala ere, badirudi ondorio horiek ahaztuta geratu direla eta zerikusi gutxi dutela benetan egiten ari direnekin".
Horren adibide da eurentzat Arabako Foru Aldundiaren jarduera: "martxoan aurkeztu zituen 30 ekimenetatik asko eta asko oraindik ez dira amaitu, eta abian jarri direnak aldaketekin izan dira".
Horrela, Nagore Gomarak eta Irune Iturbek, Laudioko eta Amurrioko zinegotziek, honakoa ondorioztatu dute: “Gure buruari galdetzen diogu ea proiektuek bat egiten duten eskualdeko suspertze sozioekonomikoarekin eta enplegu-sorrerarekin. Zeintzuk dira oraingo eta etorkizuneko apustuak? Ez ditugu ezagutzen. Aurrera egiten ari al da Aiaraldearen deskarbonizazioan eta ahaleginak bideratzen ekonomia zirkularreko eta menpekotasun gutxiagoa duen eredu ekonomikoa eraikitzeko? Ez. Gizarteak dituen behar berriei erantzungo dion zerbitzuen bilakaera sustatzen ari al da? Ez”.