Euskara ez ezik, bestelako hamaika gai interesgarri ere jorratu ditugu hamabostekariaren 32 orrietan. Horien artean, eta ate joka dagoen indarkeria matxistaren aurkako egunaren harira, Amurrioko mugimendu feministak salatutako udaltzain baten erasoa jorratu dugu sakonean. Horrekin batera, azaroaren 25eko mobilizazio eta hitzordu nagusiak herriz herri jaso ditugu agendan.
Gehigarri berezia
Euskararen Nazioarteko Egunaren gehigarri bereziak gure hizkuntzari lotutako hainbat kontu lantzen ditu. Alde batetik, Goiatz Urkijo Castañares Euskaraldiko koordinatzaile nagusiarekin elkartzeko aukera izan dugu. Ariketa sozio-linguistiko erraldoiaren erronka nagusiak aletu dizkigu laudioarrak.
Horrez gain euskararen kale-erabilera datuak eta ezagutza datuak ere sakonean aztertu ditugu, azken hilabetean argitaratu diren ikerketetatik abiatuta.
Azkenik, abenduaren 3an Arakaldon ospatuko den Euskararen Egunaren egitaraua ere jaso dugu, herritar orok eskuragarri izan dezan.
Hauek eta beste hainbeste gai interesgarri aurkituko ditu irakurleak Aiaraldea Hemen hamabostekariko orrietan. Datozen egunetan banatuko da hamabostekaria eskualdeko saltoki, taberna, ikastetxe, kulturgune, liburutegi eta kaleetan, doan.