ERREPORTAJEA

Euskararen ezagutzak, hiru puntu gora

Txabi Alvarado Bañares 2022ko aza. 25a, 07:00
Euskaldun eta ia-euskaldunen kopuruak batuta, esan daiteke Aiaraldeko biztanleriaren %58,38k zuela euskararen ezagutzaren bat 2021ean. / Aiaraldea.eus

Euskaraz komunikatzeko gaitasuna duten pertsonen kopurua %35,9tik %38,48ra igo da Aiaraldean azken bost urteetan, Eustatek berriki plazaratutako datuen arabera. Igoera orokortua izan da Euskal Autonomi Erkidego osoan. Gaur egun, eskualdeko biztanleen %58,38a da euskaraz hitz egin edo ulertzeko gai.  

Hiru puntu igo da Aiaraldean dagoen euskaldun kopurua 2016tik 2021ra bitartean, %35,9tik %38,48ra igarota. Ia-euskaldunen presentzia ez da ia aldatu, %20a izatetik %19,1ra igaro baita. Erdaldunen kopuruan, aldiz, beherakada egon da, euskaldunen igoeraren parekoa ia, %44,03tik %41,61era igarota. 

Biztanle kopuruetara ekarrita, hauek dira datuak: Aiaraldean bizi diren 41.375 pertsonetatik 14.868 dira euskaldunak, 8.289 ia euskaldunak eta 18.218 erdaldunak. 

Aiaraldean bizi diren 41.375 pertsonetatik 14.868 dira euskaldunak, 8.289 ia euskaldunak eta 18.218 erdaldunak

Horiek dira euskararen ezagutzaren azterketaren emaitzak begiratuta atera daitezkeen hiru ondorio esanguratsu. Eustatek bost urtero egiten du inkesta, eta 2021koak plazaratu berri ditu. Euskaldunen igoera joera orokortua izan da Euskal Autonomi Erkidego osoan. Euskaldunen proportzioa 2011n %37,2 izatetik %43,3 izatera igaro da EAEn denbora tarte horretan. Azken bi hamarkadetako (2001tik 2021ra) datuak aztertuta, aldiz, igoera 11 puntukoa izan dela ondorioztatu du Eustatek. Araban egon da hazkunderik handiena, 7,1 puntu igo baita euskaldunen ehunekoa 2011tik hona.

Euskaldun eta ia-euskaldunen kopuruak batuta, esan diteke Aiaraldeko biztanleriaren %58,38k zuela euskararen ezagutzaren bat 2021ean. EAEko bataz bestekotik behera dago ehuneko hori. Hala ere, berez, Araba (%51,66) eta Bizkaiko (%57,62) ehuneko orokorrak ere daude bataz bestekoaren azpitik. Gipuzkoa da bataz bestekoa handitzen duen lurraldea, bertako biztanleen %74,9 euskaldunak edo ia euskaldunak baitira.

Herriz herri

Herriz herrikako datuei erreparatuta, Orozko da Aiaraldean euskaldun gehien duen udalerria. %67,6koa da bertako ehunekoa eta 6 puntuko igoera izan du azken bost urteetan. Arrankudiaga-Zollo dago bigarren postuan, %61,2rekin. Jarraian doaz Arakaldo (%57,7), Aiara (%40,89), Okondo (%38,4), Amurrio (%36,8), Artziniega (%36,4), Laudio (%35,06) eta Urduña (%31,34). 

Erdaldunen kopurua, aldiz, jaitsi egin da 2016tik 2021ra ia udalerri guztietan, neurri handiago edo txikiagoan. Arakaldo da salbuespen bakarra. Bertako erdaldunen kopurua bost puntutan handitu da azken bost urtetan. Hala ere, kontuan hartu behar da udalerri hori oso txikia dela, 168 biztanle baititu. Gauzak hala, edozein aldaketa txikik eragin handia izan dezakete bertako kopuruetan. 

Erronka, erabileran

Hala ere, datu guztiak ez dira baikorrak. Udazkenean argitaratu dira euskararen kale erabilera datuak baita ere, Soziolinguistika Klusterraren eskutik. Datu horien arabera, Laudion lau puntuko jaitsiera egon da erabileran. 2011n %9ekoa zen eta 2021n, aldiz, %4,6koa. Orozkon, Aiaraldeko udalerri euskaldunenean, paradoxikoa dirudien arren, 34ko jaitsiera jazo da, hamar urtetan, %57,2tik %23,2ra jaitsita. Erabileran dago gakoa, beraz

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide