Emakume okinak saretu dituzte azaroaren 25aren testuinguruan elkartasun ogi moreak ekoizteko

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko aza. 23a, 12:51
Indarkeria matxistaren aurka lan egiten duten 13 elkarte lagunduko dituzte ogi moreen salmentaren bidez. / Aiaraldea.eus

Iza okindegiko Aida Fuentes okinak sustatutako ekimenak indarkeria matxistaren aurka borrokatzen duten elkarteak laguntzea du helburu. Honezkero 14 okindegik egin dute bat egitasmoarekin, eta ogi moreak salduko dituzte azaroaren 25aren testuinguruan.

Ogi moreak salduko dituzte indarkeria matxistaren aurka borrokatzen duten emakume elkarteak ekonomikoki laguntzeko. Iza okindegiko Aida Fuentes orozkoarrak abiatu zuen egitasmoa duela urte batzuk, eta elkartasun sarea hedatzeko jauzia egin du aurtengo azaroaren 25aren testuinguruan.

Horrela sortu da LaPanaMorada egitasmoa, emakume okinen topaleku. Hainbat txokotako okinak saretzea du helburu egitasmoak, eta azaroaren 25ean salduko dituzten ogi moreekin ekingo dio bere ibilbideari. "Okinen topagune eta sororitaterako espazio izan nahi du proiektuak; emakume okinen jakintzak, irrikak, jomugak... partekatzeko tokia. Gure egiteko erak balioan jarri eta ogiaren munduan dugun lekua aldarrikatzeko gunea", azaldu du Aida Fuentesek.

14 okin, ehunka ogi

Honez gero, Euskal Herriko, Espainiako Estatuko eta Portugalgo hamalau emakume okinek egin dute bat proiektuarekin, eta egunetik egunera gehiago elkartzeko bokazioa dute. Interneten web orrialde bat jarri dute eskura, atxikimendu berriak lortu eta proiektuaren nondik norakoak aletzeko.

Bertan aurkitu daiteke proiektuan parte hartzen duten emakumeen inguruko informazioa, baita ogi morearen egitasmoarekin lagunduko dituzten elkarteen inguruko datuak ere. Guztira, mota guztietako 13 elkarte finantzatuko dituzte 5 eurotan salduko dituzten ogiekin. Gainera, ogi morea egiteko errezeta ere eskegi dute sarean, norberak nahieran praktikan jarri ahal izateko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide