Arabako Foru Aldundiak jakinarazi du 2023an ez dituela garraio publikoaren tarifak garestituko, "Arabako familien ekonomia arintzeko eta garraio publikoa sustatzeko". Horrez gain, BAT txartela baliatzen duten erabiltzaileei %50erainoko deskontuak ezartzea aurreikusi du erakundeak, ohiko bidaiariak saritzen dituen deskontu sistema progresibo bat ezarri arte. 2023an ezarri nahi dute sistema hori.
Gauzak horrela, hurrengo urterako 6,3 milioi euro bideratuko dituzte Alavabus eta Eskualdeko Garraio Lineak finantzatzeko, aurtengo aurrekontua baino %85 gehiago. Aldundiaren ustez, neurri horiekin garraio publikoaren erabilera sustatuko dute. Izan ere, aurten, Alavabusen lineetan, irailean eta urrian, %50eko deskontua aplikatu den bi hilabeteetan, bidaiarien igoera %25ekoa izan da 2021eko aldi berarekin alderatuta, eta %10ekoa 2019ko zifra errekorrekin alderatuta.