Libe Blanco eta Mederi Ferreño diseinatzaileen lanak, Diverse desfileko protagonistak

Allende Solaun Boada 2022ko aza. 25a, 12:20

Euren lanak aurkeztuko dituzte Libe Blancok (Laudio, 1999) eta Mederi Ferreñok (Laudio, 1993) larunbatean Gasteizen, Ane Ortegak (Laudio, 2002) eta Koro Arregik (Amurrio, 2002) abiatutako 'Diverse' ekimeneko 5. desfilean. Hiriburuko alde zaharrean izango da, 14:00etatik aurrera.

Eskualdeko sortzaileen talentuaz beteko dira Gasteizko alde zaharreko kaleak azaroaren 26an, larunbatean, 'Diverse' izeneko moda desfilean. Izan ere, Libe Blanco (Laudio, 1999) arropa diseinatzailearen lanak eta Mederi Ferreñok (Laudio, 1993) diseinatutako eta 3Dn inprimatutako belarritakoak izango dira ekitaldiko protagonistetako batzuk.

Laudioko Ane Ortega (2002) eta Amurrioko Koro Arregi (2002) proiektu honen buru dira, Alba San Vicente (Bilbo) eta Gorka Legarrarekin (Gernika) batera. Pasa den urteko martxotik, beste lau desfile eta sortzaileen azoka bat burutu dituzte. Gasteizko hitzordua, beraz, 'Diverse' egitasmoko bosgarren desfilea izango da, Araban eskainiko duten lehena. Momentuz, ez dute Aiaraldean ekintzarik antolatu.

Moda desfilea 14:00etan abiatuko da, alde zaharrean, eta ordubeteko iraupena izango du gutxi gorabehera. Aiaraldearren obrez gain, Jenifer Sebastianen (Ikimilikiliklik) zein Naroa Medinabeitiaren eta Jessica Menendezen (Mihdu) lanak ere egongo dira ikusgai.

Ikusgarritasuna eta dibertsitatea hizpide

Antolatzaileek azaldu dutenez, ekimen honek "industria sortzaile eta kulturaletan lan egiten duten gazteei ikusgarritasuna ematea" du helburu, batik bat, gazte horiei portafoliorako edukiak sortzen laguntzeko eta lan-munduratzea errazteko. Sortzaileen profilak askotarikoak dira: diseinatzaileak, argazkilariak, bideolariak, makillatzaileak, etab.

Dibertsitatearen garrantzia azpimarratu du Ane Ortegak. "Kaletik dabilen jendeak gure desfileetan erreferenteak izatea nahi dugu. Modeloak bilatzerakoan ez dugu inolako estereotiporik izaten", dio Ortegak. 

Bum sarietako finalistak

Bum sarietan nominatu dute 'Diverse' ekimena, 'Bizkaia sortzailea' kategorian. Lorpen hori irabaiz gero, Bruselara joko lukete Ane Ortega eta Koro Arregi aiaraldearrek, europar erakundeen aurrean euren proiektua aurkezteko. Azaroaren 30era arte irekita egongo da bozkatzeko epea, hurrengo estekan: https://bumsariak.eus/eu/bozketa/.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide