Asteburuan egindako Arabako eta Gipuzkoako Suhiltzaileen azterketek hautsak harrotu dituzte, 1.169 hautagaietatik %95ek ez baititu gainditu proba guztiak, sindikatuen datuen arabera. Arkauteko Polizia eta Larrialdien Akademiak, ordea, %75,5 murriztu ditu ez gaindituen kopurua. Dena den, oraindik izaera proba eta azterketa fisikoa falta dira.
Datuak datu, oposizioak polemika sortu du suhiltzaileen artean eta Aiaraldea Komunikabidea Laudion lan egiten duten zenbait kiderekin harremanetan jarri da. Kezka ezberdinak badituzte ere, guztiek utzi dute agerian arduratuta daudela.
Lehenik eta behin, denak daude ados puntu batean; hautaketa prozesua ez da aproposa izan: "Aztekerketak ez daude suhiltzaile onak aukeratzeko bideratuta. Suhiltzaileen berezko ikasgaiek eta geografiak -funtsezkoa dena- oso pisu txikia izan dute probetan. Horrez gain, proba fisikoak izugarri gogorrak izan beharko lirateke, eta ez da horrela izan. Jendeak jarraitzen du pentsatzen suhiltzaile izateko sekulako sasoi fisikoa lortu behar dela eta, tamalez, hori ez da egia. Duela urte batzuk bai; baina, ez azkenaldian eta oposizio honetan agerikoa da. Hori akats larria da, gure lanean egoera fisiko egokian ez egoteak herritarren bizitzak arriskuan jartzen baititu".
Laudioko parkeko egoerari erreparatuta, bitarteko suhiltzaile gehienek, antza, ez dute gainditu, eta hori seinale txarra da eskualdean lan egiten dutenentzat: "Guk ez dugu interino guztien jarraikortasunaren alde egiten, baina arazoa da gainditu ez dutenen artean badaudela suhiltzaile onak, zeinek probatu duten profesional bikainak direla, eta horiek ez gainditzea kezkagarria da".
Beste suhiltzaile batek azterketen izaeran jartzen du garrantzia: "Profesional onak direnek ez dute aukerarik izan frogatzeko gai direla, oposizioak ez baitie hori eskatu. Azterketek ez badute horretarako balio izan, zein izan da euren helburua?"
Lan poltsak eta kalitatea
Etorkizunera begira, suhiltzaileek bi gai jarri dituzte mahai gainean. Alde batetik, lanpostu guztiak betetzeko gaitasuna: "Hautagai gutxik gaindituta ere, plaza guztiak beteko dira, baina bajak edo erretiroak gertatzen direnean, egongo da jende nahikoa zerbitzua emateko?".
Bestetik, zerbitzuaren kalitatea da ezbaian ikusten duten beste gaia. "Hautaketa prozesua ez bada zorrotza, ez ditugu profesional onenak izango eta horiek behar ditugu gure lanerako. Edonor ezin da suhiltzaile izan, gure lana arantzatsua da eta zerbait txarto eginez gero, herritarrak, enpresak edota etxebizitzak kaltetu ditzakegu modu oso larrian. Oposizio hauek ez dute asmatu suhiltzailearen profila bilatzen eta horrek eragina izango du zerbitzuan eta herritarrengan".