Aiaraldeko hezkuntza publikoko langileen erdiak baino gehiagok egin du bat gaurko greba egunarekin

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko aza. 30a, 14:54

Sindikatuek mobilizazioa egin dute gaur goizean Bilbon. / Steilas sindikatua

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek greba eguna deitu dute gaur haur hezkuntzatik unibertsitatera bitarteko hezkuntza publikoko zentroetan, Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren aurka protestatzeko. Aiaraldean, bataz bestez, %60koa ari da izaten jarraipena ikastetxe publikoetan.

Greba eguna dute gaurkoa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako haur hezkuntzatik unibertsitatera bitarteko ikastetxe publikoetan. ELA, LAB eta Steilas sindikatuek lanuzteak eta mobilizazioak antolatu dituzte Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Lege berriaren aurreproiektuaren aurka protestatzeko.

Sindikatuen arabera %60koa ari da izaten grebaren jarraipena EAEko hiru lurraldeetan; Jaurlaritzak bere aldetik %38ra jaitsi du grebarekin bat egin duten irakasleen kopurua, ikastetxeen %43ren datuak bilduta

Aiaraldean jarraipen desorekatua

Grebak eragin nabaria izan du Aiaraldeko hezkuntza publikoko zentroetan, baina honen jarraipena desorekatua izan da ikastetxez ikastetxe. Amurrioko Zabaleko Eskolan, Aiarako Etxaurren Ikastolan ari du izaten jarraipen gehien deialdiak; grebara deitua zeuden langileen %88k eta %83k egin dute bat lanuztearekin hurrenez hurren.

Zentro handietan ere eragin nabaria izan du deialdiak; Laudio Institutuan eta Amurrioko Mendiko Eskolan eta Zaraobe Institutuan langileen %60ak egin du bat grebarekin

Okondoko Eskolan ere jarraipen zabala izan dute, eta irakasleen %66a ez da lanera joan gaurkoan. Zentro handietan ere eragin nabaria izan du deialdiak; Laudio Institutuan eta Amurrioko Mendiko Eskolan eta Zaraobe Institutuan langileen %60ak egin du bat grebarekin.

Badira, ordea, grebaren jarraipena modu apalagoan nabaritu duten ikastetxeak. Laudioalde Lanbide Heziketa Eskola izan da jarraipen baxuena neurtu duena: irakasleen %7 batu da grebara eta ikasle gehienak joan dira eskoletara. Orozkoko Eskolan ere jarraipen baxua izan du grebak; %12.

Gainerako zentroetan %30 eta %50 artekoa izan da jarraipena. Halaber, hainbat ikastetxeko zuzendaritza taldeetatik Aiaraldea Komunikabideari adierazi diotenez ohikoan baino ikasle gehiago hurbildu dira ikastetxeetara. Artziniegako Arteko Gure Ama ikastetxean, esaterako, ikasleen erdia baino gehiago egon da gaur zentroan, eta irakasleen %45ak egin du greba. Etxaurren Ikastolako zuzendaritzak ere nabarmendu du ikasle asko joan direla zentrora, irakasleen artean grebaren jarraipena erabatekoa izan den arren.

Mobilizazioak eta greba deialdi berria

Greba egunaren barruan, sindikatu deitzaileek mobilizazioa egin dute goizean Bilbon, "Publikoa, euskalduna eta propioa helburu. Hezkuntza Lege aurreproiektu honi ez" lemapean, eta milaka izan dira manifestaziora batu diren herritarrak. Arratsalderako mobilizazio gehiago deitu dituzte EAEko hiru hiriburuetan. Hezkuntza Legearen aurkako protestekin jarraituz, bigarren greba deialdi bat luzatu dute ELA, LAB eta ESK sindikatuek datorren abenduaren 14rako.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide