Aiarako Kuadrilla, elikagaiak xahutzearen aurka

Jone Gartzia Gerra 2022ko abe. 1a, 15:00

Zaborrera botatzen den elikagai kopurua murriztea da kanpainaren helburua. / Freepick

‘Hemen ez dugu elikagairik xahutzen. Ez gara xahutzaileak’ lelopean kanpaina abiaraziko du Aiarako Kuadrillak, merkatariei eta ostalariei bideratuta batez ere. Helburu eta konpromiso zehatzak eman dituzte jakitera.

Aiarako Kuadrillak datorren astean abiaraziko du elikagaien xahutzearen aurkako kanpaina. Batez ere merkatari eta ostalariei egongo da zuzenduta eta ingurumen arloko hezitzaile batek emango die nondik norakoen berri.

Zehazki, eskualdean elikagai eta produktu freskoak saltzen dituzten dendak eta Horeca kanalaren barnean dauden hotelak, jatetxeak eta kafetegiak izango dira sentsibilizazio kanpainaren jopuntu. Ekimenean Laudioko, Amurrioko, Aiarako, Artziniegako eta Okondoko udalek ere hartuko dute parte, bai eta AEKOk (Laudioko, Amurrioko eta Artziniegako merkatarien elkarteen federazioa) eta Zabaia Landa Garapenerako Elkarteak.

Aiarako Kuadrillak atzo eman zuen kanpainaren berri ohar baten bidez. Bertan, janaria zakarretara botatzeak ingurumenean eta ekonomian dakartzan ondorio kaltegarriez gain, etikoak ere aipatu zituen. Izan ere, milaka pertsona gaixotu eta hiltzen dira egunero “elikadura eskas eta urritasunaren ondorioz”. Kuadrillak Eusko Jaurlaritzaren datuak azpimarratu zituen: Euskadin, elikagaien txikizkako merkataritza eta HORECA kanala soilik kontuan hartuta, pertsona bakoitzak 42,5 kilo janari xahutzen ditu urtero bataz beste.

Kanpainaren helburuak

Horren aurrean, lau helburu izango ditu Hemen ez dugu elikagairik xahutzen. Ez gara xahutzaileak kanpainak. Lehena, 2030erako pertsonako alferrik galtzen den elikagai kopurua erdira murrizten laguntzea da. Bigarrena, eskualdeko nekazaritzako elikagaien sektorean "ekonomia zirkularra bultzatzea”. Hirugarrenik, herritarren kontzientzian, parte-hartzean eta konpromisoan eragin asmo du egitasmoak; eta, azkenik, laster indarrean jarriko den Elikagaien Galerak eta Hondakinak Prebenitzeko Legea betetzea du xede.

Konpromisoak

Helburuak betetzeko, hiru konpromiso eskatuko dizkiete eskualdeko saltokiei. Alde batetik, hondakinen sorrera murrizteko plan bat egin beharko dute. Horrez gain, hondakinak egotekotan, irtenbidea eman beharko diete erabilera-lehentasunen araberako. Lehen irtenbidea elikagaiak giza kontsumora beste era batean bideratzea izango da, dohaintzan emanda edo eraldatuta, esaterako. Horretarako egokiak ez izatekotan, animaliak elikatzeko, pentsuak egiteko edo konposta eta bioerregaiak sortzeko erabili beharko dituzte. Azkenik, bezeroei ontzi berrerabilgarriak edo konpostagarriak eskaini beharko dizkiete, kontsumitu ez dituzten elikagaiak eraman ditzaten.

Encina Castresana Aiarako Kuadrillako Presidenteak kanpainaren garrantzia azpimarratu du, “pertsonengan gogoeta eta ohituren aldaketa sorrarazteko eta elikagaiei etekin hobea ateratzeko moduak bilatzeko”. Horrela, “planetaren zaintza jasangarri eta eraginkor baten aldeko ekarpena” egiten dutela gogorarazi du.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide