Aiaraldeko zenbait sortzaileren lanak egongo dira ikusgai Durangoko Azokan

Txabi Alvarado Bañares 2022ko abe. 7a, 22:09

Gaur ireki ditu ateak Durangoko Azokak. / Argia.eus

Kaitin Allendek Kilimaterioa ikuskizuna taularatuko du ostiralean, Patxi Iturregi Estuarioa liburua sinatzen egongo da bihar eta Aletxu Zobaranek Krutwig bere mendeurrenean berrirakurtzen liburuan parte hartu du. Laudio Ikastolako DBHko ikasleak, euren aldetik, PortaDA! lehiaketa irabazi dute gaur. 

Gaur hasi da Durangoko Azokaren 57. edizioa. Euskal Herriko hamaika sortzaileren lanak ikusi eta eskuratzeko aukera egongo da bertan, eta Aiaraldeak ere izango du presentzia, eskualdeko hainbat egileren eskutik. 

Patxi Iturregi, adibidez, El Gallo de Oro argitaletxearen postuan egongo da bihar (abenduak 8) goizean, eguerdira arte. Estuarioa liburua argitaratu berri du idazle laudioarrak, eta aleak sinatzen arituko da bertan, Landako guneko Goienkale 59-60 standetan.

Kaitin Allendek, bere aldetik, Kilimaterioa ikuskizuna taularatuko du ostiralean Szenatokia espazioan (San Agustin Kultur Gunean). Bi pase eskainiko ditu jarraian, 18:30ean lehena eta 19:30ean bigarrena. Oihane Perea, Iratxe Ibarra eta Irati Anda bertsolariekin batera sortu du proiektua umoregile okondoarrak, eta Faktorian egin zuten aurre estreinaldia. 

Aletxu Zobaran saratxoarrak ere izango du presentzia azokan, Federico Krutwigi buruzko liburu argitaratu berri batean -Krutwig bere mendeurrenean berrirakurtzen- hartu baitu parte, beste 12 idazlerekin batera. 

Laudio Ikastolako ikasleak, PortaDA! Lehiaketan garaile

Ikasleen eguna izan da gaurkoa Durangoko Azokan. Hainbat ikastetxe bertaratu dira Landako gunera, eta Laudio Ikastola ez da esku hutsik itzuli. Hezkuntza zentro horretako DBHko ikasleak gailendu dira PortaDA! lehiaketan. Disko baten azalaren jarraipena sortzean zetzan norgehiagoka, eta bereziki habilak izan dira Laudioko ikasleak, ETS taldearen Zurekin batera diskoa baliatuta:

 

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide