Aiaraldeko erakusleiho onenak lehian

Jone Gartzia Gerra 2022ko abe. 14a, 11:40

Sari banaketa ekitaldia abenduaren 21ean egingo dute Artziniegan. / Aiaraldea.eus

Aiaraldeko 45 saltokik IX. Erakusleiho Lehiaketan hartu dute parte. Sari banaketa abenduaren 21ean izango da Artziniegan, Laudioko XXIX. Erakusleiho Lehiaketarekin batera. Honetan, herritarrek botoa eman dezakete eta zenbait zozketatan parte hartu.

ADEKOk (Aiaraldeko Enpresen Kooordinaziorako Federazioa), Aiaraldeko IX. Erakusleiho Lehiaketa antolatu du. Guztira, 45 saltokik hartu dute parte euren erakusleihoak atonduz. Dendak Amurrion, Artziniegan, Laudion eta Okondon daude eta kartel bat dute lehiaketan parte hartzen ari direla identifikatzeko.

Epaimahaia erakusleiho-apainketan adituak diren hiru teknikarik osatzen dute: Belen Urrutxik, Iñigo Bastidak eta Txus Suarezek. Hauek bost ezaugarri hartuko dituzte kontuan: sormena eta originaltasuna, produktuaren erakusketa, argiztapena, kromatistika eta elaborazioa eta akabera.

Sari banaketa

Orotara, sei sari banatuko dituzte eta banaketa ekitaldia abenduaren 21ean egingo dute Artziniegan. Aiaraldeko erakusleiho onenak 700 euro eta garaikurra jasoko ditu, bigarrenak 300 euro eta trofeoa eta hirugarrenak 150 euro eta trofeoa. Gainera, bi garaikur banatuko dituzte; bata Aiarako erakusleiho onenari eta, bestea, Okondokoari. Horrez gain, AENKOMER-ek, Arabako Merkataritza eta Zerbitzuetako Enpresen elkarteak, erakusleiho deigarrienaren saria banatuko du. Honek 150 euro eta garaikurra jasoko ditu.

Laudioko erakusleiho onenak

Laudiok ere badu bere erakusleiho txapelketa propioa, eta aurten XXIX. edizioa egingo du. Aurten 21 saltokik hartu dute parte eta sari banaketa Aiaraldeko Erakusleiho Lehiaketarenarekin batera egingo da, abenduaren 21ean Artziniegan, alegia.

Honako honetan, gainera, epaimahai teknikoak ez ezik, herritarrek ere izango dute botoa emateko aukera. Laudioarrek abenduaren 18ra bitarte erakusleiho gogokoena aukeratu ahal izango dute. Horretarako, Laudio Berrikusi aplikazioa instalatu beharko dute telefono mugikorrean. Pertsona bakoitzak erakusleiho bakarra aukeratu ahalko du eta botoa ematearekin batera zozketa batean hartuko du parte: APILLek 100 euroko txartel bat, 50 euroko beste bat eta sari anitzeko 10 sorta banatuko ditu.

Sariak ez dira hor amaitzen, ordea. Erakusleiho guztiak bisitatzen dituztenek ginkana batean hartuko dute parte Laudio Berrikusi aplikazioaren bidez. Horretarako, erakusleihoetan dauden QR kodeak eskaneatu beharko dituzte abenduaren 22a baino lehen. Parte hartzaileen artean Gabonetako bi otzara eta 50 euroko bale bana zozkatuko dituzte.



 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide