Bigarren greba eguna dute gaurkoa Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza sare publikoan. ELA, LAB eta Steilas sindikatuek lanuzteak eta mobilizazioak antolatu dituzte Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Lege berriaren aurreproiektuaren aurka protestatzeko. Azaroaren 30eko greban egin bezala, "sistema publiko, euskaldun eta propioa" aldarrikatu dute Gasteizen egindako mobilizazio nagusian. Aurkeztutako aurreproiektuari ezezkoa eman diote, eta lege berria langileekin batera eraikitzea eskatu.
Sindikatu deitzaileen arabera, %60koa ari da izaten grebaren jarraipena EAEko hiru lurraldeetan. Jaurlaritzak, bere aldetik, %34,1era jaitsi du grebarekin bat egin duten irakasleen kopurua, ikastetxeetako datuen %90 bilduta, Berria egunkariak jakinarazi duenez.
Aiaraldean %50eko jarraipena
Aiaraldea Komunikabidea harremanetan jarri da sare publikoko eskualdeko ikastetxeekin, eta eskualdean bataz besteko jarraipena %50ekoa izan dela ondorioztatu du horrela. Azaroaren 30ekoa baino epelagoa izan da jarraipena hainbat zentrotan; hala nola Orozkoko Eskolan (%8) edota Zaraobe Institutuan. Azken honetan jarraipena %40koa izan da, eta aurreko deialdian %60koa.
Badira, ordea, erabateko jarraipena izan duten ikastetxeak:
- Okondoko Eskolan eta Amurrioko Zabaleko Ikastetxean zerbitzu minimoak soilik egon dira lanean.
- Urduñako Herri Eskolan ere langile askok egin dute bat lanuztearekin, % 70ak, baita Etxaurren Ikastolan ere, non langileen %60 grebara batu den.
- Laudio Institutuan, aldiz, irakasleen erdiak egin dio uko gaur lanera joateari, Hezkuntza Legearen aurkako desadostasuna erakusteko.