Ugarten egingo duten lasterketa batuta, lau San Silbestre proba egongo dira Aiaraldean abenduaren 31n

Aitor Aspuru Saez 2022ko abe. 15a, 07:20

Orozkoko San Silbestrea 2020an. / Aiaraldea.eus

Abenduaren 31n lau San Silbestre lasterketa antolatuko dituzte eskualdean; Urduñan, Orozkon eta bi Laudion. 

Kirol zaleek 2022. urtea agurtzeko eskaintza zabala izango dute. Izan ere, Aiaraldean lau San Silbestre lasterketa egingo dira abenduaren 31n. Ohitura jarraiki, Urduñako eta Orozkoko erronkak egongo dira. Zehazki, Urduñakoa 18:30ean abiatuko da Foru plazatik eta korrika egiteko ibilbide laburra proposatuko du. Orozkon lasterketa 16:00etan hasiko dute eta duatloia izango da diziplina. Biek sustrai sendoak dituzte Aiaraldean eta, esaterako, arrunta da Orozkon jende mozorrotua ikustea kirola egiten. Hala ere, aurten hitzordu gehiago egongo dira.

Ugarteko ezustea

Aurtengo berrikuntza nagusia izango da Laudioko Ugarte auzuneko San Silbestrea. Patxi Rivera da antolatzailea eta, hasteko, Ugarteko Jai Batzordeari eman dizkio eskerrak, traba burokratikoak gainditzen lagundu baitute.

Rivera auzokide ezaguna da, kioskoa kudeatzen zuen bere arrebarekin eta futbito txapelketako sustatzailea ere bada. Orain erretiratu dela, irailean bururatu zitzaion San Silbestre bat lagungarria izan zitekela Ugarteri bizitza emateko. 

Gauzak horrela, bi kilometroko ibilbidea hiru aldiz egin beharko dute parte hartzaileek; Gorbea tabernan hasita, Ellakuriko bidea hartuta, Isasin sartuta eta Sagastia igarota. Riverak uste du edonork egin dezakeela erronka eta ondo pasatzeko proposamena dela, gehienbat: "Norbaitek ibilbidea behin egin nahi badu, hiru aldiz egin ordez, ez dago arazorik, garrantzitsuena da parte hartzea, auzoa girotzea eta lagunak egitea".

Izen emateak auzuneko tabernetan egin daitezke bost euroren truke eta abenduaren 22a izango da azken eguna horretarako. "Dena den, azken unean norbaitek inskripzioa egin nahi badu, aukera izango du. Hori bai, ez du kamiseta izango unean bertan, aurretik egingo baititugu kirolari bakoitzak bere neurrikoa izan dezan", argitu du Patxi Riverak.

Ugarteko San Silbestrea 18:30ean hasiko da, horrela adostu baitute Orozkoko lasterketako antolatzaileekin eta Gorobel Crossfitekin.

Hain zuzen, Gorobel Crossfitek 16:00etan bere San Silbestre Belatza egingo du Gardeako industriagunean, iaz bezala. Kirol hitzordu horren helburua da inguruko kirol taldeak eta klubak batzea eta erronka ezberdina egitea bikoteka. Berez, lasterketa egin ordez, crossfit diziplinako bost proba bete beharko dituzte parte hartzaileek. Izen emateak 21 euro balioko du bikote bakoitzeko eta tokiko produktuekin osatutako poltsa emango dute, kamisetaren ordez.

Ibilbidean zehar musika eta DJak egongo dira eta txosna jarriko dute. Eskuratzen duten dirua ADELA elkartera bideratuko dute.

San Silbestre bakarra Laudion etorkizunean

Hurrengo urtean, edonola ere, Gorobel Crossfiten asmoa da aurtengo Laudioko bi San Silbestreak batzea, aukera egonez gero, erreferente potentea sortzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide