Laudioko parkeko suhiltzaileak sutan bitarteko nahikorik ez dutelako: 1.553 herritar suhiltzaile bakoitzeko

Aitor Aspuru Saez 2022ko abe. 15a, 13:40
Aiarako Suhiltzaileak eskualdean lanean./ Aiaraldea

Laudioko parkean lan egiten duten hainbat suhiltzailek azken oposizioek sortutako polemika baliatu dute salatzeko, euren aburuz, gero eta baliabide gutxiago dituztela eta arriskutsua izan daitekeela Aiaraldeko segurtasunerako.

Aiaraldean lan egiten duten hainbat suhiltzailek euren ezinegona plazaratu zuten azaroan, egindako oposizioen inguruan. Izan ere, euren iritziz, orain lanean ari diren hainbat kidek ez dute azterketa gainditu profesional onak izan arren.

Edonola ere, hori ez da larrialdi zerbitzuetako langileak kezkatzen dituen gai nagusia. Berez, Aiarako parkean aritzen diren hainbat suhiltzaileren aburuz, zerbitzuaren bitartekoen antolakuntza gero eta okerragoa da eta Aiaraldeko segurtasuna bera kolokan jar dezake.

Euren kexa garrantzitsuena da, txanden berrantolaketaren ondorioz, orain bost suhiltzaile daudela txanda bakoitzean -lehen sei ziren- eta maiz, bajen eraginez, lau biano ez. "Lau kideren artean ezin dugu bermatu lan arriskutsuak modu egokian egitea. Esaterako, eraikin handi batean sutea pizten bada, kaboak ezingo luke operazioa kanpotik zuzendu, sutean bertan egon beharko bailitzateke lanean, binomioa osatzen beste lankide batekin", adierazi diote Aiaraldeari.

Aiarako suhiltzaile askok bi kexa nagusi dituzte: herritar asko eta arrisku puntu asko zaintzeko gutxi direla eta txanda bakoitzeko, gutxienez, kide bat gehiago egon beharko litzatekeela segurtasuna bermatzeko

Beste oztopo bat liztor asiarraren ondorioz egin behar dituzten irteerak dira: "Gure eguneroko denbora asko hipotekatzen dugu horretan eta bi suhiltzaile atera behar direnez horretarako, beste larrialdi bat gertatuz gero, bitarteko gutxi daude lehen erantzunerako".

Larrialdien lehen erantzuna, ezinbestekoa

Hain zuzen, langileek errepikatu dute lehen erantzun horretan dagoela gakoa: "Erreskatea 12 eta 15 minuturen artean egiten bada, biziraupen tasa biderkatzen da. 15 minututik aurrera biziraupen aukerak murrizten dira".

Horregatik guztiagatik larrialdiko langileek aldarrikatu dute txanda bakoitzeko sei suhiltzaile egon behar direla, gutxienez. "Ez dugu uste Langraiz Okako parke zentraletik errefortzuak bidaltzea erantzun egokiena denik, denbora gehiago behar baita Aiaraldera heltzeko", adierazi dute.

Aiarako Suhiltzaileak: populazio eta industria gehiena, baina baliabide gehiagorik ez

Gasteizko parkea kenduta, Aiarakoa da herritar gehieni zerbitzua ematen diona Araba osoan eta Aiaran uste dute egungo bitartekoak ez direla nahikoak. Guztira, 42.000 biztanle hartzen ditu bere gain Laudion dagoen azpiegiturak. Tokiko suhiltzaileek uste dute bitartekoen banaketa ez dela orekatua:

  • Laudioko parkea: 30 suhiltzaile, 1.553 herritar suhiltzaile bakoitzeko.
  • Aguraingo parkea: 24 suhiltzaile, 523,4 herritar suhiltzaile bakoitzeko.
  • Guardiako parkea: 24 suhiltzaile, 261 herritar suhiltzaile bakoitzeko.
  • Langraiz Okako parkea: 42 suhiltzaile, 204 herritar suhiltzaile bakoitzeko.
  • Gaubeako parkea: 24 suhiltzaile, 132 herritar suhiltzaile bakoitzeko.
  • Kanpezuko parkea: 24 suhiltzaile, 114 herritar suhiltzaile bakoitzeko.

Gainera, Arabatik kanpo ere esku hartzen dute Aiarako langileek; Bizkaian (Orozkon, Urduñan, Arakaldon eta Arrankudiaga-Zollon eta batzuetan baita Ugaon eta Arrigorriagan ere). Horri gehitu behar zaio inoiz Burgosera ere jo behar izaten dutela, hango zerbitzuak ez baitira Aiaraldetik hurbil dauden lekuetara heltzen.

Arrisku puntu ugari

Bestalde, tokiko suhiltzaileek azpimarratu dute Arabako industria gehiena -Gasteizkoa kenduta- eskualde honetan dagoela, eta lantegi askoren jarduna arriskutsua izan daitekeela kimikoki. Halaber, zenbait puntu beltz daude A-625 eta AP-68 errepideetan, eta mendizaleek bisitatzen dituzten gune ugari -Gorobel mendilerroa, esaterako- eta hainbat urtegi -Maroño, Urduña, Zollo...- .

Aniztasun horren isla da, suhiltzaileen iritziz, urtero errepikatzen den datua. Hau da, Aiarako parkea dela irteera gehien egiten duena landa eremuko esparruan. Bide batez, nabarmendu dute esku hartze handi eta korapilatsuenak ere eurek egiten dituztela: "Altueretan gertatzen diren suteak eta erreskateak, suteak eremu industrialetan..."

Arabako Foru Aldundia, desados irakurketarekin

Aiaraldea Komunikabideak harremanetan jarri da Arabako Foru Aldundiarekin, hau baita lurralde historikoko suhiltzaileen zerbitzuaren kudeatzailea. Arlo horretako arduradunek harridura adierazi dute, kritika eta kexak ezezagunak zaizkielako: "Sindikatuekin hilero egiten da bilera bat eta ez digute ezer aipatu".

Aiarako suhiltzaileek azaldutako hainbat puntu berretsi badituzte ere -adibidez, txanda bakoitzeko suhiltzaile kopurua aldatu dela, txanda gehiago egiteko, lehen bost baitziren eta orain sei-, aldundiko ordezkariek desadostasuna agertu dute txanda bakoitzeko lan egiten duten beharginen inguruan: "Gure datuen arabera, egungo sistemarekin suhiltzaile gehiago daude txandetan, beste parkeetatik bidaltzen baitira hutsuneak betetzeko. Orokorrean, bitarteko gehiago dago eta errefortzuak 20 edo 25 minututan bidali ditzakegu larrialdiak egonez gero".

Bide batez, Aldundiak onartu du liztor asiarraren kudeaketak bitarteko ugari eskatzen dituela eta horri aurre egiteko beste modu bat bilatzen ari direla, suhiltzaileen lana ez oztopatzeko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide