EH Bilduk dio Aiaraldeko Plan Estrategikoak ezin duela gehiago itxaron

Jone Gartzia Gerra 2022ko abe. 15a, 13:00

EH Bildu Arabak PECaren inguruko informazioa eskatu zuen atzo Batzar Nagusietan.

EH Bildu Arabaren ustez plana asko atzeratzen ari da eta ezinbestekoa da krisi gogor honetan Aiaraldeko berraktibazio sozioekonomikorako. Horregatik, informazio-eskaera eta hainbat galdera erregistratu zituzten atzo Batzar Nagusietan.

EH Bildu Arabak Aiaraldeko Eskualde Plan Estrategikoaren (PEC) atzerapena salatu zuen atzo, abenduak 14. Izan ere, taldearen esanetan, Foru Aldundiak irailean aurkeztu behar bazuen ere, oraindik ez du horren berririk eman. Taldeak informazio-eskaera eta hainbat galdera erregistratu zituen Batzar Nagusietan, besteak beste, “PEC definitzeko erabili den prozedura ezagutzeko eta bere finantzaketa eta inplementazioa noren esku geratuko den jakiteko”. Aditzera eman duenez, PECa diseinatzeko metodologiari eta materialari buruzko informazioa ere eskatu zuen, “baita orain arte definitutako ekimen eta proiektuei lotutako dokumentazio guztiaren kopia ere”.

Berraktibazio sozial eta ekonomikorako plana

Aiaraldeko Eskualde Plan Estregikoa EH Bilduk 2018. urteko amaieran proposatutako ponentzia baten ondorioz sortu zen. Honen helburua eskualdeko egoera sozioekonomikoa berraktibatzea zen, “eskualdeak azken hamarkadetan jasan duen etengabeko gainbehera ekonomiko, demografiko eta sozialari aurre egiteko asmoz”. 2021eko azaroan bi lan tresna sortu zituzten horretarako: Berehalako Jarduera Plana (PAI) batetik, eta aipatutako PECa bestetik.

PAIari dagokionez, EH Bildu Arabak salatu du “oraindik ere badaudela hutsune nabarmenak” eta azaldu du horrexegatik aurkeztu ziotela zuzenketa bat Arabako Foru Aldundiaren azken aurrekontu proiektuari, Aiaraldean Sukalde Zentral bat sustatzeko, hain zuzen ere, “bertako Kilometro 0ko elikagaiekin eskualdeko jantoki publikoak hornitzearren”. Taldeak argitu duenaren arabera, proiektuak milioi bat euroko finantziazioa dauka.

Berehalako Jarduera Plana “behar baino motelago” garatzen ari dela salatu du Arabako talde politikoak, eta kezka azaldu du Eskualde Plan Estrategikoak ezin duelako gehiago itxaron: “Plan honek Aiaraldeko berraktibazio sozioekonomikorako daukan garrantzia eta jasaten ari garen krisi gogorra kontuan hartuta, zaila da ulertzen metatzen ari den atzerapena”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide