Kalean da Aiaraldea Hemen hamabostekariaren 172. zenbakia. Urteko azken alea da hau, eta 40 orri ditu guztira, ohikoan baino 8 orri gehiago. Elkarrizketa eta eduki interesgarri ugari bildu ditugu agerkarian.
Urduñako hilerriko indusketak ekarri ditugu azalera. Bertan Frankismo garaian hiriko Espetxe Zentralean hildako 53 biktimen gorpuak deshobiratu ditu Aranzadi elkarteak dozenaka boluntarioren laguntzaz. Aurkikuntza garrantzitsua da Urduñakoa memoria historikoa berreskuratzeko bidean.
Elkarrizketak
Elkarrizketa ugari jaso ditugu hamabostekariko orrietan. Tasio Martin alpinista gazteari egindakoa da horietako bat. Martinek Indiako Zanskar inguruko haran ezezagunetan izandako abenturak kontatu dizkigu. Ander Cornejo eta Maialen Solaunekin ere izan gara, eta gazteak eta itsuak edo ikusmen urridunak hezkuntzan zein lan munduan integratzeko sortu duten kolektiboaren inguruan mintzatu dira. Azkenik, Harri Paskier txirrindulari gaztearen denboraldiko balorazioa ere jaso dugu.
Gabonetako gehigarria
Ate joka daude Gabonak. Hori dela eta, 16 orriko gehigarri berezia osatu dugu Aiaraldea Hemen hamabostekariarekin batera banatzeko. Gabonetako ospakizunen inguruko informazio zabala aurkituko du irakurleak bertan, bai eta eskualdeko ekoizle eta merkatarien produktuak kontsumitzeko gida zabala ere.
Hauek eta beste hainbeste gai interesgarri aurkituko ditu irakurleak Aiaraldea Hemen hamabostekariko orrietan. Datozen egunetan banatuko da hamabostekaria eskualdeko saltoki, taberna, ikastetxe, kulturgune, liburutegi eta kaleetan, doan.