ANDER CORNEJO ETA MAIALEN SOLAUN

“Hezkuntza eta lan merkatuaren arteko zubian itsuon irisgarritasuna eta eskubide berdintasuna aldarrikatu nahi ditugu”

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko abe. 22a, 12:48

Ander Cornejok eta Maialen Solaunek Aurrera Begira elkartea sortu dute. / Aiaraldea.eus

ANDER CORNEJO (Gallarta, 1993) eta MAIALEN SOLAUN (Laudio, 2000) Aurrera Begira elkarteko kideak dira. Gazteak eta itsuak edo ikusmen urridunak hezkuntzan zein lan munduan integratzeko kolektiboa sortu dute. 

Aurrera begira elkartea sortu duzue. Nolatan?

Ander: Elkartegintza oinarri hartuta, itsuen kolektiboa indartu nahi dugu. Egia da ONCEk hainbat alor hartzen dituela barne, baina kolokan edo alboratuta daude beste batzuk. Lan munduari eta hezkuntzari dagokionean, itsuontzako zail dago kontua. Horregatik, Gipuzkoako Begiris eta Arabako Itxaropena elkarteekin batera, Aurrera Begira mugimendu eta elkartea sortu dugu, gazteak eta itsuak elkartzeko. Hazten gabiltza, eta ezagutaraztea nahi dugu. Hezkuntza eta lan merkatuaren arteko zubian itsuon irisgarritasuna eta eskubide berdintasuna aldarrikatu nahi ditugu.

Gazteak eta itsuak izatea da zuen kolektiboko ezaugarri nagusia. 

Maialen: Hori da, edo ikusmen urritasuna izatea. Gure taldean ez daude soilik ONCEn afiliatutakoak, ikusmen larritasuna duen edozein pertsonak du gurekin batzeko aukera.

Ander: 18-35 urtekoak gara, hala ere, 16 urteko gazteak ere badaude; ikasketa norabidea edo orientazioan ere eragin nahi baitugu. Euskal Herri mailako eragilea izatea nahi dugu. Gure esperientzia pertsonaletik atzetik datozenak lagundu nahi ditugu. 

Maialen: Gazteak orientatu eta lagun ditzakegu, badakigulako zer nolako beharrak ditugun. Nire ustez, garrantzitsua da, adibidez, Anderren eredua. 

"Nire kasuan, ikastetxe batean egin nituen praktikak, eta ez zuten jakin nola lagundu. Eredu eta ezagutza falta handia dago"

Zertan eragin dizue egunerokoan ikusmen urritasuna izateak?

Ander: Lan munduan eta hezkuntzaren alorrean sekulako zailtasunak ditu gure kolektiboak. Ikasketa motaren orientazioan, edota lan-motaren irteerei dagokienean, errealistak izan behar gara. Egia da gauza batzuk egiteko zailtasunak izan ditzakegula, baina beste kontu batzuetarako ez. Orientatzailearen falta sumatu dugu, lan merkatuan irekiera egokiena topatzeko orduan, batik bat. 

Maialen: Horrez gain, profesionalen artean ere garrantzitsua da ikastetxeetako orientatzaileak laguntzea. Zer nolako aukerak eman ahal dizkigute? Nire kasuan, ikastetxe batean egin nituen praktikak, eta ez zuten jakin nola lagundu (zentroa oniritzia emateko prest zegoen, baina ez ziren nire praktikaldian laguntzera konprometitu). Ikasketak bukatzean ez dugu erreferentziak emateko inor lan munduan, edota ikasten jarraitzeko. Eredu eta ezagutza falta handia dago.

Ander: ONCEk, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin duen hitzarmenari esker, CRIk itsuentzako baliabideak jartzen ditu eskura. Eurek egokitzen dute ikasteko materiala, esaterako. Ikastetxeetan ez dagoenez erreferenterik, ezezagutzagatik batik bat. Horregatik, kontzientziazio kanpainak sustatu nahi ditugu.

Aurrera begira elkartearen bidez, itsu edo adimen urridunen kolektibo zein norbanakoak ikusgarritzea duzue helburu. Zer egin beharko litzateke ikasketetatik lan mundurako jauzia egiteko?

Maialen: Gizarteak uste du ONCEk laneratzen laguntzen digula. Egia da laguntzen gaituela, baina ez ikasketekin (salmenta izaten da profil ohikoena, eta orain beste desgaitasunetara zabaldu da). 

Ander: ONCEren ahulgunea hori da: arlo sozialean hainbat gauza positibo egiten ditu (liburutegi digitala, tifloteknologia, ordenagailu edo pantaila irakurleak, orientazio teknikariak...) baina lan munduan defizit handia dago. Horregatik sortu dugu elkartea. Bakoitzaren ikasketak enpresetara zuzentzea falta da.  Ni, esaterako, kazetaria naiz eta geroz eta gauza gehiago eskatzen zaizkigu: multimedia, prentsa oharrak idaztea, sare sozialetan edukiak zabaltzea… Enpresa askotan arazoak izan ditut horregatik, nahiz eta orain lanean egon. Nire kasuan, administrariak laguntzen nau argazkiak hautatzen, baina gainerako gauzak nik egiten ditut (eta grabaketak taldean egiten ditugu). Lantaldeak edo talde lana sustatuta lanpostuak irisgarriak izateko alternatibak sortu daitezke. Horrek, baina, egungo esplotazioa kolokan jartzen du: profil askotan pertsona batek egin behar du guztia, ez da talde lana sendotzen.

"Gizarteak uste du ONCEk laneratzen laguntzen digula. Egia da laguntzen gaituela, baina ez ikasketekin"

Alternatibak badaude. Ikasketa edo enpresetan borondate falta sumatu duzue?

Maialen: Nire ustez ezjakintasuna da. Lan egiterako orduan gizarteak duen ikuspegia itsuok ONCEko kupoiak soilik sal ditzakegula da. Nik Arreta Gradua dut. Nik demostratu dut arreta graduan lan egin dezakedala: teleasistentzian, nagusien egoitzetan… Orain, gizarteratzeko goi mailako gradua egiten ari naiz, eta iaz ikastetxe batean egin nituen praktikak. Irakasleak eta profesionalak asko harritu ziren nire zailtasunekin umeak nola lagun ditzakedan ikustean. Gauza batzuk ezin ditut egin, horregatik nago beti lagunduta, baina gizarteak aukerak eman behar dizkigu guk aurrera jarraitu ahal izateko.

Politika eta legediaren bidea ere ireki duzue.

Ander: Politikariekin hainbat bilera egin ditugu, Hezkuntza Lege berrian dekretu bidez aipatzeko orientatzailearen figura. Hori da epe laburrean lortu nahi duguna. Momentuz, harrera ona izan da: hiru elkarteek Nicolas Sagarzazurekin bilera egin genuen, eta Lanbideko formakuntza garapenaren zuzendariarekin ere hitzordua dugu jada. Alderdiekin ere izan gara, eta denek esan digute bide egokia ari garela egiten: harrituta geratu dira, eta miresmena azaldu dute ezjakintasun handia zutelako alde horretatik.

Lan kultura edo ikuspegia aldatu behar da, beraz?

Ander: Bai, guztiz. Nire kazetaritza profiletik abiatuta, ikus-entzunezko enpresan ez da berdina 2 edo 3 pertsona egotea. Enpresa handietan jarduteko ere badugu aukera: itsu batek gidoia, koordinazio edo ekitaldi aurkezpena egin ahalko luke, edo prentsa oharrak bidali. Pertsona bakarrak egin behar badu guztia, guretzat ezinezkoa da. Enpresa handi batean errazagoa da lantalde barruan jardutea, guztiz integratuta egon naiteke.

Maialen: Ni arlo sozialeko langilea naiz. Pausoka zentroan egin nituen Arreta Graduko praktikak, jende nagusiarekin. Memoria klasea lantzeko materialetan, ariketa ez bisualetan lagun nezakeen, beste batzuetan ez. Banakako lana sustatzeak kaltetu egiten gaitu, gauza bisualak ezin baititugu egin, eta horrek are gehiago mugatzen gaitu. Horregatik da garrantzitsua lan-taldeak mantentzea, hartu-emana edo elkarlana baita; eta gu integratuta sentituko baikara. Dena indibiduala bada, kanpo geratu eta sentituko gara. Pertsona gisa, oso garrantzitsua da gizartean integratua sentitzea.

Ekonomiak soziala eta denona izateko, bestelako eredu bat behar du?

Ander: Bai. Borondatea eta jarrera aktiboa behar da. Guztion ardura da aurrerapausoak egitea, denok jarri behar dugu gure alea. ‘Borrokatu eta ez etsi, eutsi baizik’ leloari jarraitu behar diogu.

Zuekin harremanetan jarri nahi duenak, zer egin behar du?

Ander: Momentuz Itxaropena eta Aukera Berriak elkarteek badute euren espazio digitala. Guk sare sozialak eta elkartearen erregistroa eratzea bidean dugu. Taldean 17-18 gazte gaude, eta hainbat jarduera prestatzen gabiltza. Momentuz hedabideetan ezagutaraztea da gure lehen urratsa. Hau izan da gure lehen elkarrizketa, eta espero dugu gehiago zabaltzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide