Elkarrizketa batekin eman zioten hasiera dinamikari. Etzigarriak proiektuko Ane Zugaza eta Gazte Euskaltzaleen Sareko Aitor Imaz igo ziren oholtzara. Bi egitasmo horien nondik norakoak azaldu zituzten lehenbizi, eta euskararen egoerari eta gazteen artean garatu daitezkeen estrategiei buruz hausnartu zuten gero.
Ondoren, bertaratutako guztiengana zabaldu zuten hausnarketa. Lan-taldetan banatu diren gazteak, hainbat galderaren inguruan eztabaidatzeko. ‘Zein da euskararen egoera eskualdean= Zer egin daiteke horren aurrean?’ Galdera horiek eta gehiago izan zituzten hizpide, eta hainbat gai atera zituzten mahai gainera: kultur kontsumoa, erreferenteak, Euskaraldia, eskualdeko egoera sozieokonomikoaren eragina…
Ondorioak komunean jarri zituzten jarraian, eta eztabaidan jarraitu zuten gero, gaiak mamia duelaren seinale. Bukatzeko, bakarrizketa musikatua eskaini zuten Ibabe eta Iholdi Beristainek. Euskararen urteen poderioz garatutako harremana izan zuten hizpide Portugaleteko sortzaileek, kitarra, txirula eta ttun-ttuna baliatuta.