Azken urteetako jarduerari jarraiki, Mugarriak 2022 urtekaria plazaratu du Aiaraldea Komunikabideak. 134 orriko argitalpena da, eta dagoeneko eskuratu daiteke eskualdeko kale, saltoki, taberna eta bestelako tokietan, doan.
2022an jazotako gertakari esanguratsuenak lantzen ditu urtekariak, hainbat ereduko edukiak baliatuta: iritzi zutabeak, erreportajeak, artikuluak, kronologiak...
Horrez gain, eskualdeko alkate guztiei eginiko elkarrizketak barnebiltzen ditu argitalpenak, oposizioko talde politikoen zutabeekin batera.
Kultura sortzaileen katalogoa
Gainera, eduki berezi bat dakar liburuak: Eskualdeko kultur sortzaileen katalogoa. Aiaraldea Ekintzen Faktoriak sustatuta, eskualdeko 300 sortzaile baino gehiagoren erreferentziak topatuko ditu irakurleak, kategoriaka sailkatuta.
Bazkideek, etxean jasotzeko aukera
Aiaraldea Kooperatiba Elkarteko bazkideek argitalpena etxean jasotzeko aukera izango dute. Horretarako, mezua bidali beharko dute 688 84 81 52 telefono zenbakira, Whatsapp edo Telegram bidez. Bestela, Faktoriara bertaratuta ere izango dute alea eskuratzeko aukera.