Urtarrilaren lehen egunak prezio berriak ekarri ohi ditu errepideetan, eta aurtengoa inoiz baino gehiago nabarituko dute bidaiariek. Espainiako Gobernuak gasolinaren prezioa mantentzeko emandako laguntza desagertzeaz gain, autobideen garestitzeari egin beharko diote aurre.
Laudiotik igarotzen den AP-68 errepidearen kasuan esaterako, gorakada inoizko handiena izan da. 2022an 2,15 euro ordaindu behar ziren Laudio eta Bilbo arteko tartea egiteko; aurten, aldiz, 2,30era igo dute prezioa (+%7). Gasteizerako tartea are gehiago igo dute: 3,80 eurotik 4,15era (+%9,2).
Autobide hau Espainiar Estatuko garestienetakoa da —2023an 0,12€/km— eta 2019tik foru aldundiek kudeatzen dute Euskal Herriko zatia —55,2 kilometro Araban eta 22,3 Bizkaian—. 2022ko urritik gastu muga dute errepidea maiz erabiltzen duten bidaiariek: Arabako tartean hilean 50,54 eurokoa eta Bizkaiko tartean 34,55ekoa.
Abenduan errege lege-dekretua onartu zuen Espainiako Gobernuak 2023an ordainpekoa utobideen prezioen gorakada erregulatzeko. Horren arabera, %4 da bidesariak igotzeko muga 2023an AP-51n, AP-61ean, AP-53an, AP-66an, AP-7ko zenbait tartetan, AP-71n, AP-9an, AP-6an, AP-46an eta AP-68an. 2024tik 2026ra bitarteko igoera mailakatua izan dadin, 23,3 milioi euroko linea bat gaitu eta beharrezko partidak emateko konpromisoa hartu zuen Estatuko Administrazio Orokorrak.