TXERRA MOLINUEVO LAÑA

“Partaidetzaren bidez eraldaketa soziala sortzea bilatu dugu”

Txabi Alvarado Bañares 2023ko urt. 6a, 07:00

Bi urte daramatza Txerra Molinuevo Lañak alkate moduan. / EAJ

Bi urte igaro dira dagoeneko Txerra Molinuevo Lañak Josune Irabienen lekukoa hartu zuenetik Amurrioko alkate moduan. 2022an emandako urratsen inguruan mintzatu da.

"Amurrioko familiak egongo dira gure politiken erdigunean datorren urtean". Hala esan zenuen duela urtebete eginiko elkarrizketan. Helburua bete egin dela esango zenuke? Zertan?

Bai, noski. Urtero, aurrekontuak planifikatzen direnean, kontuan izaten ditugu, oso garrantzitsua da guretzat pertsonak eta zaintzak udal-politiken erdigunean jartzea. Hau ez da ekintza konkretu batean soilik islatzen. Alde batetik, inportantea da gizarte zerbitzuetara bideratutako aurrekontua, Amurrioko familia bakar bat ere atzean gera ez dadin; eta, bestetik, Udaletik antolatutako egitarau  kulturalak edota bideratutako zerbitzuak, esaterako, datorren urtean martxan jarriko den ludoteka berria.

Parte hartzeari dagokionez, auzo batzarrak eta aurrekontu parte hartzaileak izan dira ekimen garrantzitsuenak. Urtez urte errepikatzen diren egitasmoak dira horiek. Zer garapen aurreikusten dizkiozue datozen urteei begira?

Herritarren partaidetzaren alorretik egin genuen hausnarketa baten parte dira. Bertan, partaidetzaren bidez eraldaketa soziala sortzea bilatzen genuen. 

Helburu horrekin, parte hartzeko gune puntualak sortu ditugu, hala nola aurrekontu parte-hartzaileak, lurraldekoak, auzoetako batzarrak eta sektorialak, adibidez, adinekoen kontseilua, haurren elkargunea eta emakumeekin eta mugimendu feministarekin eginikoa.

Nagusiei lotutako politiketan, Amurrioko Adinekoen Kontseiluaren sorrera izan da ekimenik esanguratsuenetako bat. Zer nolako garapena nahiko zenukete organo horrek izatea datozen urteetan?

Funtsezkoa da Amurrioko Pertsona Nagusien Kontseilua aktibo mantentzea eta gaur egun duten jarduera-erritmoari eustea. Etorkizuneko helburuen artean, parte-hartzaileen kopurua eta taldearen aniztasuna handitzea ere aurreikusten da, beste interes batzuei heldu ahal izateko. Udalarentzat, APNK adinekoentzako politika hobeak garatzeko laguntza bat da, zahartze aktibo eta osasungarriko politikak eta nahi ez den bakardadea prebenitzeko edota arintzeko politikak bultzatuz.

“Oso pozik eta gogotsu nago, urte hauetan egindako lanari jarraipena eman nahi diot eta baita proiektu berriak bultzatu ere”

Jaiak itzuli dira Amurriora. Aurtengo edizioan hainbat berrikuntza sartu dituzue, jai-guneak ugarituta eta Mendiko Eskolan elkartasun txosna jarrita. Ildo horretan jarraitzeko asmoa duzue datozen urteetan ere?

Aurten jaietan jarritako txosna solidarioa Udalaren eta udalerriko elkarte mugimenduaren arteko elkarlanaren ondorio izan da. Honelako ekintza solidario eta inklusiboetan Amurrioko Udala beti izango da bidelagun. 

Amurrioko festetan zeharkako esparruak landu daitezkeela hausnartzetik sortu da ekimen hau, hala nola berdintasuna, iraunkortasuna, inklusioa, kulturartekotasuna eta elkartasuna. Amurrioko jaietan etorkizunera begira lan egiteko bidea izango da hau.

V. Berdintasun Plana onartu du aurten Udalak. Zertan lagunduko dio Udalari berdintasun politikak garatzen?

‘Aingurak’, Amurriok izango duen Berdintasunaren V. Planak, adostasun politiko bidez onartua, lau ildo garrantzitsu izango ditu oinarri: Gobernu Ona, Emakumeen eta LGTBIQA+ kolektiboaren Ahalduntzea, Ekonomiak eta gizarte-antolamendua eraldatzea eskubideak bermatzeko eta emakumeen eta LGTBIQA+ kolektiboaren indarkeriarik gabeko bizitza.

Horrez gain, Plan honek ere aurrera pausu handi bat aurreikusten du, Berdintasun teknikariaren plaza %100era handituko da, beraz, baliabide gehiago bideratuko zaizkio arlo honi. Formazioa ere aurreikusten da plan honetan, bai politikariena zein udal langileena.

Skate parkeko bowla, merkatu zaharraren eraberritzea... obra eta proiektuak egikaritzeko urtea izango da 2023a? Bestelako egitasmorik aurreikusi duzue?

Skate parkeko bowla bukatuta dago, baina handitu egingo da, eta arrakasta handia izaten ari da aisialdirako gune berri hau. Honi lotuta, baina beste publiko bati zuzenduta, Ludoteka berria martxan izango dugu 2023an. 

Horrez gain, Zabaleko Kaleko aparkalekua martxan dago, eta bukatzear Etxegoien kalean egin dena. Datorren urtera begira espero dugu epaitegi ondoko aparkalekuaren obrak hastea. Gainera, merkatu zaharreko eta eguneko zentro berriko obrak hasiko dira. Amurrio ez da gelditzen eta bide honetatik jarraituko dugu.

Berriki jakin izan dugu datorren urteko udal hauteskundeetan alkategai moduan aurkeztuko zarela. Noiz hartu zenuen erabakia? Zerk bultzatu zintuen horretara?

Amurrioko EAJ-PNVko juntak proposatu zidan datorren urteko udal hauteskundeetako zerrenda burua izatea, eta baietza eman nien. Horren ondoren, barne prozesua eta gero, alderdikideek babesa eman zidaten. 

Oso pozik eta gogotsu nago, urte hauetan egindako lanari jarraipena eman nahi diot eta baita proiektu berriak bultzatu ere. Lehen aipatu bezala, Amurrio ez da gelditzen, herri inklusiboa, solidarioa eta berdintasunean bizitzeko aukerak ematen dituena nahi dut.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide