Goia jo du aurtengo ziklo-kros denboraldiak asteburu honetan jokatzen ari den Espainiako Txapelketarekin. Kataluniako Vic hirian atondutako zirkuitua da lehia honen lekuko, eta bertan izan dira eskualdeko hainbat txirrindulari.
Iñaki Carro laudioarrak urrezko domina jantzi du master 30 kategorian. Lehia bizian izan da Carro, eta lasterketari buelta ematea lortu du podiumeko lehenengo postua erdietsi arte. Ibilbide oparoa egin du Aiaraldeko txirrindulariak azken urteetan, eta hainbatetan izan da Euskadiko ziklo-kros txapeldun ere.
Amurrioko Koba Cycling taldeko Gaizka Pujana eta David Hidalgo podiumeko hirugarren postura igo dira, Master 40 eta Master 30A kategorietan hurrenez hurren.
Kadete mailan Iker Colmenero izan da Aiaraldeko ordezkari nagusia. Euskadiko Selekzioarekin lehian aritu da, eta hirugarren postutik oso gertu ibili da lasterketa osoan baina postu bat galdu du azken itzulian eta bosgarren geratu da sailkapen orokorrean.