Superberriak Supermerkatuen grebak mugarria jarri du aurten lan gatazken esparruan Aiaraldean. Baina, greba mugagabe horretaz gain, etengabeko zarata egon da lan munduan 2022an, zehazki, hitzarmenak eguneratzerako orduan prezioen igoera dela eta. Izan ere, Ukrainako gerra hasi baino lehen, oinarrizko produktuen salneurriek gora egin zuten.
Esaterako, erregaiak bat-batean biderkatu zuen bere prezioa eta garraiolarien protestak piztu ziren. Eskualdean ere egon ziren lanuzteetara batu ziren profesionalak, baina ez ziren pozik geratu Gobernuak eta patronalak lortutako akordioarekin.
Orozkoko lan gatazkak
Dena den, egoera aurretik zen beroa. Esaterako, Artiach enpresako langileek greba luzea egin zuten, lan hitzarmen berriaren alde, iraungita zegoen aurrekoa eguneratzeko. 2021ean abiatu zuten protesta eta 152 egunez luzatu zen. Helburu ekonomikoak izan ziren nagusi eta soldata igoera lortu zuten; 2020an %2, 2021ean %2, 2022an %3, 2023an %3 eta 2024an %2. KPIak urte horietan %12a gaindituko balu, ez lirateke atzerapenak sortuko, baina 2025ko soldata % 2an handituko litzateke automatikoki.
Orozkon sortu den gatazka bakarra ez da hori izan; Madres Mercedarias zaintza zentroan hainbat lanuzte egin dituzte lan hitzarmen duin baten alde, baina, momentuz, gatazka ez da konpondu, nahiz eta langileek (emakumezkoak gehienak) enpresa zein Bizkaiko Foru Aldundia sakatzeko protesta ugari antolatu.
Gatazkengatik eta aldarrikapenengatik bereziki ezagunak ez diren konpainietan ere izan dituzte borroka zikloak.
Enpresako egoera ekonomikoa egonkortu ondoren, Tubos Reunidoseko langileek urtarrilean hasi zituzten lanuzteak, 2017an iraungitako hitzarmena eguneratzeko. Martxora arte luzatu ziren protestak eta horri esker lortu zuten 2021era arte KPI igoerak adostea. Bidea ez zen erraza izan, langileek lehenengo aurreakordioa baztertu baitzuten eta sindikatuen gehiengoak beste bat negoziatu behar izan zuten. Lorpen horien ostean, etorkizuneko lan hitzarmena adosteari ekin diote, blokeka.
Ezohiko enpresetan ere
Gatazkengatik eta aldarrikapenengatik bereziki ezagunak ez diren konpainietan ere borroka zikloak izan dituzte. Horren adibide izan dira Ferro edota Megatech.
Hain zuzen, Megatechen tentuz landu zuten gaia; udan adostasuna egon zen beharginen artean lanuzteak abiatzeko irailean, eta irailean bertan bost orduko greba eginda sinatu zuten lan hitzarmen berria, zeinean KPIren igoeran eta enpleguaren bermean jarri zuten indarra.
Borroka sektorialak
Zenbait sektoreko mobilizazioek ere eragina izan dute Aiaraldean, eta Arabako Metalgintza Sektorearena izan da garrantzitsuena. Bizkaikoak ere oihartzuna izan du, txikiagoa izan bada ere. Arabako Kiroldegien langileen kolektiboa bost eguneko greba egitear egon zen, baina azken orduan akordioa lortu zuten.
LIDLeko grebak ere eragina izan du eskualdean, Aiaraldeko behargin ugarik egiten baitute lan Langraitz Okako puntu logistikoan.
Kanpoko borroken isla
Halaber, inguruko lurraldeetan izandako gatazkek nolabaiteko isla izan dute Aiaraldean. Metro Bilboko enpresa batzordean Laudioko ordezkaria dago, Mercedes enpresako langileak ere badaude eskualdean eta urte amaieran LIDLeko greba izan zen.
Gogoratu beharra dago supermerkatu kate horren puntu logistikoa Langraitz Okan dagoela orain, baina 2021era arte Laudion egon zela, Gardea auzoko industriagunean.
Sindikatuek negoziatu ostean, tokiko enplegua bermatu zen eta Laudioko beharginak Langraitzera mugitu zituzten. Abenduan bost eguneko greba egin zuten lan hitzarmen propio berria sinatzeko eta Espainiako estatukoa ekiditeko.