Eskualdeko hiru ikastetxek garatu dituzte aurten Erasmus+ programaren proiektuak. Laudio BHI, Zaraobe BHI eta Amaurre Ikastetxea izan dira hezkuntza zentro horiek eta horri esker dozenaka gaztek Europako hainbat herrialde bisitatu dituzte. Halaber, kanpoko bidaiariak ere egon dira Aiaraldean, egitasmoaren laguntzarekin.
Zehazki, Erasmus+ ekimenak Europako ikasle eta irakasle anitzak jartzen ditu harremanetan lau ardatzen bitartez: ingurumena, inklusibitatea, demokrazia eta teknologia berriak. Nerabeek zein irakasle horiek guztiek aintzat hartu behar dituzte irizpide horiek euren proiektua lantzean, helburu gisa zein bidean. Europar Batasunak finantzatutako programaren alderik erakargarriena, zalantza gabe, parte hartzaileei bidaiatzeko parada ematen diela da. Esaterako, Zaraobe BHIko ikasleak Mazamet herrian egon ziren, Okzitanian, eta Toulouse eta Carcassonneko inguruak ere ezagutu zituzten.
Bestalde, Amaurre Ikastetxeko proiektuak 'Save our second language' izena izan du eta bi hizkuntza dituzten lurraldeak jarri ditu harremanetan. Horrela, amurrioarrak Malta eta Finlandia ezagutzen egon dira aurten. Maltan astebete igaro zuten uharteko hegoaldeko Gudja herrian. Goizetan eskolara joaten ziren gainerako herrialdeetako ikasleekin batera. Bertan, hainbat jarduera egin zituzten, tokiko kultura ezagutzeko, besteak beste. Mediterraneoko irla ezagutzeko aukera ere izan zuten; hala nola Valletta, Mdina eta Marsaxlokk herriak, baita bertako hondartzak eta ingurune naturala ere. Finlandian, ordea, hango hizkuntza ez ezik, ohitura bitxiak ere ezagutu zituzten: saunan sartzea eta jarraian ur izoztuetan murgiltzea, adibidez. Maiatzean, Amaurre Ikastetxeak Finlandia, Malta eta Irlandako 22 ikasleri eta 13 irakasleri egin zien ongi etorria eta astebetez euskal kulturan buru-belarri sartu zituzten.
Laudio BHIk, ordea, ingurumenean zentratu du bere programa. Zehazki, garapen jasangarrian oinarritutako egitasmoa landu dute (institutuan bertan ortua eginez) eta Italiako Mantova hiria eta Greziako Trikala udalerria bisitatu dituzte. 2023an, aldiz, Lituaniara bidaiatuko dute, baina aurtengo urrian Laudiori egokitu zitzaion bisitariak hartzea. Añana, Bilbo, Galindo eta Gernikara eraman zituzten programako kideak, besteak beste.