Artziniegako Udalak 2010eko abenduaren 2an egindako udal osoko bilkuran adostu zuen osasun zentroaren eraikina Osakidetzari doan lagatzea, kontsultegi gisa erabiltzeko asmoz. Geroztik hamabi urte egin ditu kontsultategiak Artziniegako Goiko Plazan.Eraikinak, ordea, osasun-zentro bezala eskaini beharreko baldintzak betetzen ez dituela ondorioztatu du EH Bilduk, bertako osasun-langileen lantaldeak hainbatetan adierazi bezala.
Hainbat dira eraikinak ageriko egin dituen mugak. Alde batetik, bi solairuetan banatuta dago osasun-zentroa, eta horrek galarazi egiten die bertako langlie zein erabiltzaileei "zerbitzua behar bezala eta ezin hobeki ematea". Bere kokapenak ere beste hainbeste oztopo eragin die erabiltzaileei; Goiko Plaza Hirigune Historikoaren punturik altuenean aurkitzen da, eta kontsultategiaren irisgarritasuna nabarmen murrizten du horrek, bereziki adineko erabiltzaileentzat.
Azkenik, osasun-zentroaren aldirietan autoak aparkatzeko espazio falta ere mahai-gaineratu du udal gobernu taldeak. Goiko Plazak duen aparkaleku kopuru murritzak ez da egunero osasun-zentrora doazen erabiltzaileen eskariari erantzuteko gai.
Mozioa udal osoko bilkuran
Hori dela eta alkatetza duen EH Bildu udal taldeak mozioa aurkeztu du gaur egindako udal osoko bilkuran, Osakidetzari osasun-zentroaren lekualdatzea eskatzeko. EH Bilduren eta PPko zinegotziaren aldeko botoekin atera da mozioa aurrera. Ondorioz, alkatetzak udalbatzaren erabakiaren berri emango die Osakidetzari, Artziniegako kontsultategiko osasun-taldeari eta Barrualde-Galdakaoko ESI Aiaraldeako Lehen Mailako Arretako Unitateko arduradunari.
Horrenbestez, osasun erakundeen esku dago orain Artziniegako udalbatzaren eskariari erantzun bat ematea.