Aiaraldeko sozialistak pozik eskualdean etxebizitzak birgaitzeko eta auzoak berroneratzeko egingo diren lanekin

Jone Gartzia Gerra 2023ko urt. 19a, 18:00

Landatas auzoa. / Urduñako Udala

Aiaraldeko sozialistek egokitzat jo dituzte eskualdean Etxebizitza Birgaitzeko eta Hiria Berroneratzeko Planaren barruan egingo diren ekintzak. Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako Sailak diruz lagunduko ditu Urduñan eta Amurrion auzo degradatuak leheneratzeko lanak eta Laudion alokairuko 80 etxebizitza babesturen eraikuntza.

Aiaraldeko sozialistek ohar bat kaleratu dute Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako Sailak eskualdean egingo dituen ekintzak ontzat ematen dituela jakinarazteko. Talde politikoak adierazi du etxebizitza-politika publikoaren xedea dela “merkatu librean etxebizitza duin, egoki eta irisgarri bat eskuratu ezin duten pertsonei etxebizitza bat eskuratzeko aukera erraztea”. Horregatik uste du “albiste bikaina” dela Eusko Jaurlaritzak zuzeneko laguntza bana eman izana bai Amurriori eta baita Urduñari ere, zenbait auzo berroneratzeko.

Zehazki, Amurriok 1,85 milioi euro jasoko ditu Goikolarra auzoa leheneratzeko; eta Urduñak 1,65 milioi jasoko ditu Maria Dolores Madaria eta Landatas auzoetako etxebizitzen efizientzia energetikoa edo irisgarritasuna hobetzeko. Amurrion Goikolarra auzoan argiteria publikoa hobetuko dute, haurrentzako jolasgune berri bat sortuko dute eta auzoko bizilagunen bilera-lokalean hobekuntzak egingo dituzte.

Horrez gain, sozialistek nabarmendu dute Laudioko Goiko Plazan 2024rako aurreikusita dagoen alokairuko 80 etxebizitza babesturen promozioaren garrantzia. Loli Muriel Aroca zinegotziak azpimarratu du horrekin urrats bat gehiago egingo dela “etxebizitza duina, egokia eta irisgarria izateko oinarrizko eskubidea aitortzeko eta bermatzeko”, eta horrekin “herritarren beharrei erantzuteko aukera ematen duen etxebizitza-politika eraginkorra” sustatuko dela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide