Euskararen normalizazioa Aiaraldean

Erabilera sustatzean dago erronka

Allende Solaun Boada 2023ko urt. 24a, 06:00
Luiaondon udan eginiko euskararen eguneko irudi bat. / Aiaraldea.eus

Euskararen ezagutza datuak gorantz doaz Aiaraldean eta Euskal Herrian, baina erabilerak behera egin duela iradokitzen dute azken ikerketa soziolinguistikoek. 

Urte garrantzitsua izan da 2022a euskararentzat, batik bat, pandemiaren osteko Korrikaren itzulera, Euskaraldiaren hirugarren edizioa eta Irulegiko Eskuaren aurkikuntza arkeologokikoa direla eta, baina baita Soziolinguistika Klusterrak argitaratutako euskararen erabileraren kale neurketaren emaitzengatik ere. 

Aiaraldeko datuak, oro har, ez dira espero bezain positiboak izan. Laudion eta Orozkon beherakada egon da 2011tik 2021era. Urduñan, ordea, gorako joera bat jazo dute ikerketek denbora tarte berean.

Orozkokoa izan da eskualdeko jaitsiera nabarmenena, ia 34 puntukoa; 2011n eta 2021ean behatutako elkarrizketak alderatuz gero, %57,2tik %23,2ra egin du behera euskararen kaleko erabilerak azken hamarkadan. 2016ko euskararen ezagutzari buruzko azken datuen arabera, orozkoarren %61,6k daki euskaraz. Datu hori kontuan izanda, %30,4koa izango litzateke Orozkoko euskararen erabilera isotropikoa, hau da, herrian espero zitekeen erabilera; kale neurketaren datua baino 7,2 puntu altuagoa. Aipatzekoa da beherakada agerikoena 65 urtetik gorakoen adin-tartean izan dela, 57 puntukoa.

Orozkon eta Laudion jaitsiera egon da euskararen kale-erabilera neurketetan. Urduñan, aldiz, gorakada nabarmena egon da.

Orozkokoa bezain nabaria izan ez bada ere, Laudion ere jaitsi da euskararen erabilera 2011. eta 2021. urteen artean. Kasu horretan, 4 puntukoa izan da aldea, %9tik %4,6ra. Laudion behatutako solasaldietan, ez zen ia ezberdintasunik sumatu gizonezkoen eta emakumezkoen artean euskararen erabilerari dagokionez eta bitxikeri hori ez dator bat Euskal Herriko datu orokorrekin. Izan ere, neurketen arabera, joera nagusia da emakumeek gizonek baino gehiago egitea euskaraz. Arrazoia ezezaguna den arren, Soziolinguistika Klusterreko Belen Urangak, hipotesi mailan, “hizkuntzaren zaintzarekin lotutako faktore batzuk gertatzen direla” adierazi zuen Urduñako Udalak antolatutako hitzaldian; hots, genero-rolek eragina dutela.

Adin-taldeei dagokienez, Urduñan euskaraz gehien mintzatzen direnak 25 eta 44 urteko bitarteko heldu gazteak (%10,1) eta 14 urte arteko haurrak (%6,8) dira. Bi adin-tarte horiek elkarrekin daudenean, baina, are altuagoa da hizkuntzaren erabilera, %12koa, alegia. Horrek arau sozial bati erantzuten dio, Urangak azaldu zuenez: guraso gazteek euren seme-alabei euskaraz hitz egiteari, hain zuzen. Fenomeno hau ohikoa da lurralde osoan.

Kale neurketako emaitzak gorabehera, hurrengo urratsa “hainbat mailetan eragitea” dela azaldu zuen Belen Urangak Laudioko Euskararen Jaiaren egitarauaren barruko aurkezpenean, azterketa honek erakusten duena “kalean entzundako” errealitate bat baino ez delako eta udalerrietako beste esparru askotan lan egin daitekeelako. Etorkizunera begira, beraz, eskualdean badaude euskara aregotzeko aukerak, kaleetan zein bizitzako beste esparruetan. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide