Eskualdetik Usansolo-Galdakaoko ospitalera doan autobus-zerbitzu zuzena aldarrikatu du Aiaraldeko Pentsiodunen Mugimenduak. Agerraldia egin dute gaur goizean Laudioko, Amurrioko eta Okondoko udaletan aurkeztu dituzten mozioen nondik norakoak azaltzeko.
Aiaraldeko biztanleen erreferentziazko ospitalea da Usansolokoa, eta bertara garraio-publiko bidez iritsi behar duten erabiltzaile eta pazienteek Bizkaibuseko bi linea dituzte eskura: Urduñara doan linea edo Laudio eta Orozkotik doana. Pentsiodunek gaurko agerraldian azaldu dutenez, bi linea horiek Bizkaiko herri eta auzo askotatik igarotzen dira, ospitalerainoko bidaia ia bi ordutara luzatuz. "Aiaraldeko erabiltzaile batek denbora asko inbertitu behar du etxetik ateratzen den unetik ospitalera iritsi arte. Bidaia luze eta gogaikarria da", adierazi dute.
"Urduña dagoen tokian dagoelako dugu guk ospitalera joateko autobus zerbitzua", azpimarratu dute pentsiodunek, eta Arabako Foru Aldundiaren esku-hartze eza salatu dute. Halaber, autobus-zerbitzu okerrak erabiltzaile asko ospitalera autoz joatea eragiten du, ohartarazi dutenez. Horri lotuta, hainbat ondorio negatibo zerrendatu dituzte: trafikoa handitzea, istripuak izateko arrisku handiagoa edota aparkatzeko zailtasunak.
Linea zuzena
Linea berri bat edo egungo zerbitzua handitzea da pentsiodunek aldarrikatu dutena, Urduñatik irten eta zuzenean ospitalera joango dena, geldialdiak egin ostean Amurrion, Luiaondon eta Laudion. Pentsiodunen aburuz, linea berri horrek ordu erdian baino gehiagoan murriztuko luke ospitalerako bidaia-denbora: "Linea berriak Aiaraldeko zerbitzua hobetuko luke, eta egungo zerbitzuaren mugak eragiten dituen ondorio kaltegarri asko saihestuko lituzke" nabarmendu dute mozioarekin batera aurkeztutako testuan.
Pentsiodunen aburuz, linea berri horrek ospitalerako orain arteko bidaia-denbora ordu erdian baino gehiagoan murriztuko luke.
Balizko zerbitzu berri hori gaur egungoarekiko "osagarria" izan behar duela azpimarratu dute pentsiodunek, eta, orain arte bezala, Urduña izan behar dela autobusen abiapuntu eta helmuga.
Mozioa eztabaidagai
Amurrioko, Laudioko eta Okondoko udal osoko bilkuretan aurkeztuko dute mozioa. Hartara, testua onartzen duten udalek, Aiaraldeko bizilagunek ospitalera joan-etorriko zerbitzu zuzena izateko egin beharreko kudeaketak egitea eskatuko diote Arabako Foru Aldundiari. Aiaran iragan astean aurkeztu zuten mozioa, Amurrion biharko plenoan plazaratuko dute eta Laudion, aldiz, datorren astelehenekoan.