ERREPORTAJEA

240 langile, “putre funts baten atzaparretatik” ihesi

Txabi Alvarado Bañares 2023ko ots. 2a, 08:00

Mobilizatzeari ekin diote Glavistako langileek. / Aiaraldea.eus

Glavistako langileek hiru aste daramatzate mobilizatzen, enpresa hartzekodunen aurrelehiaketan dagoelako. Enpresa Batzordearen aburuz, negozioaren egungo jabea (Parter Capital) putre funts bat da, eta eskualdetik alde egin behar du lantegiak etorkizuna izan dezan. 

Duela hiru aste egin zen publiko albistea: Glavista enpresa hartzekodunen aurrelehiaketan sartu zen, ehunka langileren etorkizuna kolokan jarriz. Laudion dago enpresa horren lantegi nagusia, ‘Autoglas’ izenarekin ezagutzen dena. Valentzian beste bat dago, txikiagoa; eta Alemaniako  Karlsruhe herrian dago biltegia, ekoizpena Europan barrena saltzeko baliatzen dutena. 

Hiru fabrika horiek Guardianenak ziren, baina multinazional horrek 2020an saldu zizkion Parter Capital inbertsio talde suitzarrari. Aitor Merinok ondo oroitzen du nola izan zuten horren berri. “Guardianek egun batetik bestera deitu gintuen ezohiko bilera batera, ‘gai garrantzitsu’ bat lantzeko”, azaldu du Guardianeko Enpresa Batzordeko kide ohi eta Autoglaseko egungo Enpresa Batzordeko kideak. “Guk ez genekien ezer, Guardianek inoiz ez zigulako inoiz jakinarazi negozioaren zati hori salgai zegoenik ere. Bilerara Parter Capitaleko ordezkariak bertaratu ziren, Guardianeko buruekin batera, eta bertan eman ziguten salmentaren berri. Parter Capital ‘bazkide ideala’ zela esan ziguten bertan, ez zegoela eurak baino erosle hoberik”. 

“Alcoako kasuak eztanda egin baino 10 egun lehenago erosi zuen Parter Capitalek gaur egun Glavista dena”

Alcoako auziaren eztanda 

Azken orduko aldaketarik ez badago, ostiral honetan deklaratuko du Parter Capitaleko zuzendariak (Rüdiger Terhost enpresariak) Espainiako Entzutegi Nazionalean, Alcoako lantegien auziagatik. Iragan azarotik zeraman bilaketa-agindu judizialarekin. 

Parter Capitalek 2019an eskuratu zituen Alcoa multinazional estatubatuarrak A Coruñan (Galizia) eta Avilesen (Asturias) zituen aluminio lantegiak. ‘Alu Iberica’ izenpean lan egiten zuten bi fabrikek, eta Alcoak biak ala biak ixteko asmoa zuen. Inbertsio talde suitzarrak euro baten prezio sinbolikoagatik erosi zituen bi ekoizpen-zentroak eta, trukean, bi gauzetara konprometitu zen: lantegiak bi urtetan ez saltzera eta lanpostu guztiak mantentzera. 
Salbazioa zirudien bi fabriketako langileentzat, baina ez zen hala izan. 2020an Parter Capitalek Alu Ibericaren %75 saldu zion Grupo Industrial Riesgo taldeari, 13 milioi euroren truke. Baina erosketarako dirua, antza, ez zuen erosleak jarri. Ikerketen arabera, Alu Ibericaren kutxatik atera zen dirua eta, behin erosketa eginda, hainbat banku korronte suitzarretara desbideratu zen. 

Alcoako kasuak eztanda egin baino 10 egun lehenago erosi zuen Parter Capitalek gaur egun Glavista dena, Merinok oroitu duenez: “Une horretan, Interneten bilatuta ez zen Parter Capitali buruzko inolako informazio negatiborik agertzen. Geroago jakin izan dugu une horretarako jada bazituztela euren aurkako sententziak Frantzian, beste enpresaren bat porrotera eramateagatik, baina informazio hori ez zen publikoa oraindik”. 

Alu Iberica kasua azaleratu zenean piztu ziren alarmak. “Badakigu Guardian haserretu egin zela, Parter Capitalek ez ziolako horri buruz ezer esan, baina gure aurresalmenta egina zegoen horrezkero”. Merino harremanetan jarri zen orduan Aviles eta Coruñako enpresa batzordeekin. “Gauza bera esan ziguten biek: Parter Capitaleko ordezkariak ez zirela lantegietatik igaro ere egin, promesa ugari egin zituztela baina ez zutela ezertxo ere ez egin”.

Inbertsioak, baina diru gabe

Albisteak albiste, Glavistako eta Autoglaseko egoerak ezberdina zirudien. Hala oroitzen du Merinok: “Guk normal lan egiten jarraitzen genuen. Lan-karga eta eskaerak zeuden, eta 2021an 60 ebentual egotera iritsi ziren, ohiko 240 langileez gain. Hau da, 300 behargin egotera iritsi ginen. Egoera ona zen. Bagenekien jabeak nortzuk ziren, baina ez zen Alcoan gertatutakoa errepikatzen ari”.

Inbertsioak egitera ere iritsi ziren, 15 milioi euro inguru baliatuta. Merinoren aburuz, Laudioko lantegiko zuzendaritzak sustatu zituen inbertsioak. “Enpresako kutxako dirua erabili zuten horiek egiteko, gerora Parter Capitalek dirua sartuko zuenaren itxaropenarekin, beste enpresa batzuetan egiten den bezala. Baina diru hori ez zen inoiz iritsi, Parter Capitalek ez zuen inoiz xentimorik sartu enpresan”. 

“Lehen 240 langile ginen eta orain 226 inguru gara, jende batek alde egitea erabaki duelako. Beiraren ekoizpenaren gaineko ezagutza zehatzak dituen jendea ari da joaten, nazkatuta dagoelako”

Kontuan hartu behar da Autoglasen zuzendaritza Guardianetik subrogatutako hainbat enplegatuk osatzen dutela. “Parter Capitalek inoiz ez du erabakirik hartu enpresaren egunerokoan, ez onerako ez txarrerako”. Gauzak hala, enpresaren egoerak okerrera egin ahala, zuzendaritza urduritu zen, eta geroz eta informazio gehiago ematen hasi zen langileei. “Ordura arte ez ziguten ezer esan dena kontrolpean zutela uste zutelako edo Parter Capitalengan konfiantza zutelako”. 

Bulegoetako langile asko, gainera, alde egiten hasi dira dagoeneko, auzi honen ebazpenaren zain geratu gabe. “Lehen 240 langile ginen eta orain 226 inguru gara, jende batek joatea erabaki duelako. Beiraren ekoizpenaren gaineko ezagutza zehatzak dituen jendea ari da joaten, nazkatuta dagoelako, eta horrek ere eragina izango du enpresaren etorkizunean”. 

Lantegien arteko tira-birak

2021eko bigarren hiruhilekoan hasi zen egoera okertzen. Argindarraren eta lehengaien prezioek gorakada handia izan zuten orduan, eta horrek eragin handia izan zuen enpresaren emaitzetan. “Guk materiala eraldatzen dugu, ez dugu ekoizten”, azaldu du Autoglaseko enpresa batzordeko kideak, “hau da, kanpoko lehengaiak erosi behar ditugu, horiekin autoentzako haizetakoak egiteko. Gauzak hala, prezioak igo zirenean, dirua galtzen hasi zen enpresa. Laudioko zuzendaritzak hiruzpalau aldiz igo du haizetakoen prezioa, errentagarria izan zedin. Erosle batzuk galdu ziren orduan”. 

Baina galera nagusiak Alemaniako biltegitik etorri dira, Merinok salatu duenez. “Haizetakoak Laudion egiten dira. Ondoren, Valentziako fabrikara eramaten dira, markoak eta sentsoreak jartzeko. Laudiora bueltatzen dira orduan, eta Alemaniako biltegira bidaltzen ditugu gero”. Enpresa batzordeko kidearen aburuz, ekoizpenaren %40 inguru ‘saltzen’ zaio Alemaniako biltegiari, eta horrek eragin handia du Autoglasen emaitza ekonomikoetan.

“Alemaniako biltegiak produktua ia koste prezioan jasotzen zuen, gero garestiago saltzeko. Derrigortuak geunden horrela egitera, horrela egiten ez bagenuen ez zigutelako langileen soldatak ordaintzeko dirurik ematen. Badirudi nahita egiten zutela, Laudioko lantegia apurka-apurka deskapitalizatzeko helburuarekin”. 

Putre funtsa

Aipatutako guztiagatik, Merinok argi du Parter Capital putre funts bat dela. “Ez dute negozioa aurrera eramateko inolako baliabiderik. Egiten dutena honakoa da: negozioa ondo badoa, berdin mantendu, eta gaizki badoa, hiltzen utzi. Xede bakarra dute: enpresa deskapitalizatzea eta poltsikoak ahalik eta gehien betetzea, eta gero beste kontu batera. Jende honek ez du inolako enpatiarik ez langileekin ez ezerekin”. 

“Xede bakarra dute: enpresa deskapitali-zatzea eta poltsikoak ahalik eta gehien betetzea, eta gero beste kontu batera. Jende honek ez du inolako enpatiarik ez langileekin ez ezerekin. Talde horrek hemendik alde egiten ez badu, itxi egingo da Autoglas”

Bere hitzetan, nahiko esanguratsua da ere non dagoen Parter Capitalen egoitza zentrala. “Ez dago hiri handi batean kokatuta, Alemaniako herrixka bateko etxola batean baizik, zeinetan ez dagoen inolako bulegorik”. 

2020tik hona behin baino ez dira bildu langileen ordezkariak Parter Capitalekin. “Rüdiger Terhost iragan uztailean bildu zen gurekin. Esan zigun lasai egoteko, irailean akordio bat lortuko zutelako BBVArekin kreditu-lerro bat lortzeko. Bazirudien ez zela ezer gertatzen ari”. 
Baina ez zen hala. “Laudioko zuzendaritzak prestatu zuen kreditu eskaera, baina horretarako Parter Capitalekoen sinadura behar zuen, eta sinadura hori ez zen inoiz iritsi”. 

Ordutik hona egin dituzten bilerak oso bestelakoak izan dira Merinoren hitzetan. “Suitzarrek telematikoki parte hartu dute, eta azken bileran ez zuten kamara piztu ere egin”. 

Eusko Jaurlaritzarekin ere bildu ziren iaz Glavistaren jabeak eta, antza, ez zen bilera adeitsua izan. “Mikel Amundarain industria sailburuordeak esan zigun Parter Capital dirua eskatzera mugatu zela, eta bost axola zitzaiola gainerakoa”. 

Erosle bila

Aipatutako guztiagatik, Merinok argi du zein den Autoglasen eta, oro har, Glavista osoaren etorkizunerako bermea: Parter Capitalek alde egitea. “Talde horrek hemendik alde egiten ez badu, itxi egingo da Autoglas. Badakigu, erosle bat edo eskaintza bat mahai gainean egon ezean, lantegi hau hilik dagoela”.  

Eta, antza, badago balizko erosle bat. Inbertsio talde amerikar bat omen da, eta eskaintza zehatz bat egitera iritsi zen urtearen amaieran. Hala ere, langileek ez dute horri buruzko askoz datu gehiagorik. Dena den, badakite erosketa ez dela erraza izango. “Abenduan bazirudien dena bideratuko zela, baina denak okerrera jo du, enpresak duen zorra dela eta. Glavistak 17-18 milioi euroko zorra du pilatuta, eta hori birnegoziatu behar da”.

Alemaniako biltegia ere bada beste traba bat, Merinoren ustetan. “Badirudi alemaniarrak ez daudela bertako biltegia saltzeko prest. Irabazi asko ditu lantegi horrek une honetan, gure produktua saltzeaz gain, Txinatik ekarritako haizetakoak erosi eta saltzen dituelako. Baina ez du zentzurik Laudio eta Valentziako lantegiak erostea Alemaniako zentroa gabe, une honetan biltegi hori delako gure bezero handiena, Europako banaketa gunea”. 

Mobilizazioa egingo dute otsailaren 3an Glavistako langileek, Laudioko Herriko plazatik abiatuta

Mobilizazio zikloa

Egoera ikusita, mobilizatzeari ekin diote Glavistako langileek. Elkarretaratze jendetsuak egin dituzte fabrikako sarreran, eta aste honen amaieran (otsailak 3) mobilizazioa egingo dute 17:30ean, Herriko plazatik abiatuta. Gaur, aldiz, Eusko Jaurlaritzarekin bilduko dira. Datozen egunak, beraz, berebizikoak izan daitezke lantegiaren eta bertako beharginen etorkizunarentzat. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide