Arkitektura ardatz duen solasaldi batekin itxiko du Piszifaktoria Ideien Laborategiak Bilbon egindako ikerketa-lana

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko ots. 7a, 17:00

Saio irekiak egin ditu Piszifaktoria Ideien Laborategiak obra berriaren sorkuntza prozesuaren barruan. / Piszifaktoria

Ikuskizun berria sortzeko ikerketa prozesu mamitsu batean dago murgilduta Piszifaktoria Ideien Laborategia. Azken astean Bilbon aritu dira ikerketa-lanean. Arkitektura ardatz, otsailaren 8an Bira Kulturgunean egingo duten solasaldi batekin itxiko dute Bilboko ikerketa; hirigune berrietara jauzi egin aurretik.

Artea eta zientzia uztartzen dituen ikerketa prozesu mamitsu batean daude murgilduta Piszifaktoria Ideien Laborategiko kideak. Maiatzean ernatuko den kale ikuskizun berri baten sorrera du helburu prozesuak: Asfaltoaren azpian, euria. Horretarako, fikzioa oinarri, hiriek eguneroko bizitza nola baldintzatzen duten aztertzen dihardute.

Ikerketa komunitarioa da Piszifakotirak abian jarritakoa, eta hainbat herritarren laguntzaz hirien funtzionamendu eta ordenamenduaz aritu dira hausnartzen. Azken astean hainbat saio ireki egin dituzte Bizkaiko hiriburuko hainbat txokotan; hala nola San Frantzizkon, Deustun edota Bilbo Zaharreko Xake Espazioan. Bilbon egin dute ikerketa-lanaren lehen geralekua; baina, Gasteiz, Antsoain eta Hendaia bisitatzeko asmoa ere badute Ideien Laborategiko kideek.

Solasaldia antolatu dute Bira Kulturgunean Ula Iuretagoiena eta Beñat Saratxaga arkitektoekin, Bilboko ikerketa-lanari amaiera emateko

"Gertatu ez diren errealitate posibleez hausnartzen"

Hirigune berrien bila abiatu aurretik azken hitzordu bat jarri dute Bilbon. Bihar, otsailak 8, solasaldia antolatu dute Bira Kulturgunean Ula Iuretagoiena eta Beñat Saratxaga arkitektoekin. Iuretagoiena EHUko ikerlaria eta irakaslea da; Saratxaga, aldiz, Behark arkitektura estudioko kidea da, Faktoria diseinatu zuen arkitektura estudioa hain zuzen ere.

"Eta hamar urtez konfinatuta egon izan bagina, nola aldatuko ziren gure hiriak? Eta gure bizimodua?"; galdera horri erantzuten saiatuko dira Iuretagoiena eta Saratxaga,  Amaia Garate eszenografo eta arkitektoaren gidaritzapean. "Gertatu ez diren errealitate posibleez" hausnartuko dute Bilboko ikerketa-lanari amaiera emateko solasaldian.

Ideien Laborategia

Mikel Ayllonek eta Igor Arzuagak 2015ean sortu zuten elkarlanean Piszifaktoria Ideien Laborategia, Mara feat. Milay ipuin musikatua taularatzeko. Geroztik, etengabeko sorkuntza prozesuan egon dira murgilduta. Takoidun zapata gorria eta Elkar ezagutu genuen eguna obrak oholtzarako zituzten Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdian.

Geroztik sorkuntza pieza ugari plazaratu dituzte, betiere bide berriak arakatzeko anbizioz. Horren adibide argia da ETB Mediarentzat 2021ean ekotzitako Daniel|a| transmedia pieza. 10 minutuko 6 atalez osatutako websailak, musikari lotutako podkast batek eta Sua eta Ipar taldeen zuzeneko kontzertu batek gorpuzten zuten proiektua, eta nazioarteko jaialdi ugaritan saritua izan da. Noiz utziko dio euria egiteari paseo turistiko-dramatikoa eta Ivanka antzezlana ere ekoitzi dituzte.

Geldi egon ezinik, Asfaltoaren azpian, euria ez da Piszifaktoriak esku artean duen lan bakarra. Izan ere, Otxarkoagako ekoizpen eszenikorako Harrobia zentroarekin eta Thusia kooperatibarekin elkarlanean Hau ez da gerra bat ikuskizuna ere mamitzen ari dira, udaberrian loratzeko asmoz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide