Barrualdeko Erakunde Sanitario Integratuak (ESI) 70 herri hartzen ditu bere baitan, Aiaraldean, Gorbeialdean, Durangaldean, Arratian, Lea-Artibain eta Busturialdean kokatutakoak. Guztira, 313.0000 biztanleri ematen die zerbitzua, erakundeak berak zabaldutako datuen arabera.
Eremu horretako herritar talde batek salatu duenaren arabera, Osasun Sailak Usansoloko ospitalea handitu eta berritzeko “inbertsio handia” egingo du, baina ez du pediatria zerbitzurik ez arrisku baxuko erditzeak artatzeko gunerik egiteko asmorik. Hain zuzen ere, taldeak aldarrikatu du zerbitzu horiek eskaintzea izan dela eskualdearen gabezia historiko nabarmenetariko bat. “Ginekologiako zerbitzu bat badugun arren, ez dago ez pediatria zerbitzurik ez erditzeak artatzeko gunerik”, adierazi dute.
Egoerak bizilagunen osasun-arretan “zuzeneko eragina” duela argudiatuta, kanpaina abiatu dute Osakidetzari zerbitzu horiek aintzat har ditzan exijitzeko. Dagoeneko 66 eragile batu dira ekimenera, eta norbanako gisa atxikimendua emateko aukera ere badago Change.org plataformaren bidez. Aiaraldean Lamuza Eskolako Guraso Elkarteak, Kili-kili Laudioko Hazkuntza Taldeak, Orozkoko Matxintxu Emakumeen Elkarteak eta Laudioko Mugimendu Feministak egin dute bat aldarrikapenarekin. Ekimenari atxikimendua eman nahi dioten taldeek barrualdeaosatuz23@gmail.com helbidera bidali dezakete mezua.
Zergatik pediatria eta erditzeak Usansoloko Ospitalean?
Sinatzaileek aldarrikatzen dute pediatria eta arrisku baxuko erditzeak “oinarrizko zerbitzuak” direla eta horiek herritarren esku jartzea “osasun ekitatearen aldeko neurria” dela. Izan ere, kexu dira eskualdeko umeek larrialdi bat dutenean edo ospitaleratu behar dituztenean Gurutzetaraino jo behar dutelako eta etengabeko joan-etorriak egin behar dituztelako.
“Bestetik, gure eskualdeko emakume haurdunek ez dagokien eta ezezaguna zaien beste ESI bateko ospitalera joan behar izaten dute erditzera: Gurutzetako Ospitale erraldoira, kasu. Horren aurrean, emakume askok erabakitzen du ospitale txikiago batera joatea bertan eskaintzen zaizkien erditze eredu indibidualizatuagoen bila. Dena den, ospitale horiek beste eskualde batean daudenez, eskualde hartako pazienteek dute lehentasuna, eta gerta daiteke, erditze egunean lekurik ez bada, beste ospitale batera joan beharra”, gaineratu dute.
Usansolon bertan pediatria eta erditze zerbitzuak izatea “haur eta emakumeen osasun arretaren aldeko neurri garrantzitsua” dela adierazi dute, “arreta indibidualagoa, hurbilagoa tratuz, ezagunagoa eta euskaldunagoa” ekarriko lukeelako. Horrez gain, zerbitzu horien funtzioa azpimarratu dute: “Emakumeon osasunerako onuragarriagoa den eta emakumeok ahalduntzeko erditze-espazio eta erditze-eredu humanizatuagoa eta genero perspektibatik landuagoa behar eta nahi dugu”.