Bigarren postuan amaitu zuen Aimar Pinedo Ruizek Euskadiko moto-kros lehiaketa, MX85 kategorian. Saria jaso berritan, denboraldiaren nondik norakoak azaldu dizkio Aiaraldeari.
Iazko moto-kros denboraldia 2022ko otsailaren 6an hasi zen Murtxanten (Nafarroa). Ondo hasi zuen Aimar Pinedok, sailkapen orokorrean zortzigarren helmugaratu baitzen, Euskadiko txapelketan bigarren postua eskuratuta.
Ordutik eta abuztura bitartean, zazpi lasterketa puntuagarritan lehiatu zen aiararra: Falcesen (Nafarroa), Zallan (Bizkaia), Haron (Errioxa), Miranda de Ebron (Burgos), Karrantzan (Bizkaia) eta Quintana-Marian (Burgos).
Batzuetan hobeto eta besteetan okerrago, erorikoei, eguraldi txarrari eta zulatuei egin behar izan zien aurre kirolari gazteak, baina, azkenean, lortu zuen Euskadiko sailkapenean hasi bezain ondo bukatzea; bigarren, alegia.
Horrez gain, txapelketarako puntuagarriak ez ziren beste bost lasterketa egin zituen Moto Club Aialako kideak. Retes de Llantenton, Guarnizon (Kantabria), Artziniegan eta Langraiz Okan izan ziren, eta azken bietan lehenengo sailkatu zen.
Nolanahi ere, kirolariak aipatu du berarentzat lasterketarik garrantzitsuena autonomien moto-krosa izan zela. Lleidako (Herrialde Katalanak) Bellpuig udalerriko zirkuituan jokatu zen eta Pinedo Euskadiko taldearekin joan zen. Aipatu du zirkuitua “oso zaila” zela, Espainiako txapelketan sartuta dagoelako eta bera ez dagoelako horrelakoetara ohituta.
“Lehenengo entrenamendu libreak egin nituen eta beldur handia ematen zidaten jauzi batzuk egitea lortu nuen. Gero, manga sailkagarrian 25. geratu nintzen, ia jauzirik egin gabe, beldurra zela eta, eta mangaren hasieran oso gaizki atera nintzen. Igandean dena askoz hobeto joan zen, warm-up-ean egin ahal nituen ia salto guztiak egin nituen eta lehenengo mangan oso ondo atera nintzen eta 25. geratu nintzen. Bigarren manga ia berdina izan zen baina hasieran pertsona bat gurutzatu zen nire aurrean eta ezin izan nuen hasiera ona izan, baina 25. geratu nintzen”, azaldu du kirolari gazteak.
Sailkapen orokorrean 15. geratzea lortu zuen eta bere kategorian euskal herritarren artean 10. izan zen.