Urteroko hitzordua bilakatu den Aiaraldeko Berdintasun Martxaren edizio berri bat antolatuko dute aurten ere Laudioko Altzarrate eta Amurrioko Kaskagorri kirol elkarteek elkarlanean. Aurtengo ibilaldia martxoaren 19an izango da, eta honezkero zabalik dago izena emateko epea.
Amurrioko Juan de Urrutia plazatik zein Laudioko Herriko plazatik abiatuko da martxa, 10:00etan. Bi ibilbideek Nerbioiko ibaiaren ertza jarraituko dute eta Luiaondo izango dute geraleku. Ohikoan bezala, lehia gabeko proba izango da. Martxak 12 kilometroko luzera izango du, eta Nerbioiko parke linealaren ibilbidea jarraituko du.
Izen ematea zabalik
Martxan parte hartu nahi duen orok du zabalik dagoeneko izena emateko aukera. Laudioko Udaltetxean eta Amurrioko Kultur Etxean jarriko dituzte izena emateko postuak. Inskripzioak 10 euroko kostua izango du eta, horrekin batera, kamiseta bat eta pin bat oparituko dituzte.