700 herritar inguru batu dira gaur ‘Aiaraldea berriz ere borrokara!’ lemapean eginiko mobilizazioan. Glavista, Talleres Abasolo eta Madres Mercedariaseko langileak joan dira lehen lerroan, eta ehunka bizilagun joan dira euren atzetik, hiru lan-gatazka horien atzean “eskualde osoa” dagoela irudikatuz.
Merkatariek ere izan dute presentzia manifestazioan zehar. Hainbat saltoki txikitako langileak atera dira kalera, kartelak eskutan, manifestarien txalo artean.
Aipatutako hiru lan zentroetako kideek hartu dute hitza mobilizazioaren amaieran, ‘SOS Aiaraldea’ ekimeneko bi kiderekin batera. Lan gatazka bakoitzaren nondik norakoak azaldu dituzte, baina hirurak batzen dituen horretan jarri dute indarra. “Gaur, hiru borroka bateratu ditugu, baina denak gauza komun batekin: enplegu suntsiketa eta langileon aurkako erasoak”, nabarmendu dute.
Gauzak hala, batasunerako deia luzatu dute: “Badakigu elkarrekin indartsuagoak garela eta gure aldarrikapenak ahalik eta modu zabalenean helarazi behar ditugula, langile gisa batzen gaituen guztia kontuan hartuta”.
Horri lotuta, borroka jarraitzeko beharra jarri dute mahai gainean. “Urte hauetako gatazka eta borrokek argi utzi digute zein den jarraitu beharreko bidea. Erasoen aurrean, gure eskualdea eskualde bezala defendatuko dugu”.