Kultur sorkuntza Aiaraldean

Saririk ez Aiaraldeko sortzaileentzat Goya sarien XXXVII. edizioan

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko ots. 12a, 08:00

Sevilla hirian ospatu da Goya zinema sarien XXXVII. edizioa. / @PremiosGoya

Esti Urresolaren Cuerdas film laburra eta Mikel Bustamante aktorearen lana Goya sari bana irabazteko hautatuak izan ziren. Sortzaile aiaraldearrek, ordea, ez zuten estatuatxorik jaso bart gaueko sari-galan.

Goya zinema sarien XXXVII. edizioan izan dira Esti Urresola eta Mikel Bustamante aiaraldearrak, Goya sari bana eskuratzeko lehian.

Errebelazio aktore onenaren kategorian hautatua izan zen Mikel Bustamante amurrioarra, Cinco lobitos pelikulan interpretatutako paperagatik. Telmo Iruretak eskuratu zuen, ordea, Goya saria kategoria horretan, La consagración de la primavera pelikulan egindako lanagatik.

Cuerdas Goya saririk gabe

Esti Urresola zinemagile laudioarra ere estatuatxorik gabe bueltatu da Sevillako sari-galatik. Urresolaren Cuerdas pelikula fikziozko film labur onenaren kategorian lehiatzeko hautatu zuen Espainiako Zinema Akademiak. Arquitectura emocional film laburra izan da, ordea, kategoria horretan irabazle.

Baina babesik ez zaio falta izan zinemagile laudioarrari. Laudioko Keska tabernan Goya sari-galaren proiekzioa eskaini zuten atzo, Urresolari babesa adierazteko. Otsailaren 26an gainera, laudioarrak ekoiztutako bi film labur eskainiko dituzte Amurrio Antzokian, 19:00etan: Flores de papel eta Cuerdas.

Goya sarietara iritsi aurretik, aipamen eta sari ugari eskuratu ditu Urresolaren Cuerdas filmak: Le Rails d'or aitortza jaso zuen Canneseko jaialdi entzutetsuan, Abycine zinema independenteko festibalean lehen saria lortu zuen eta Avilés Acción Film Festivalen film labur onenaren saria eman zioten ikusleek. Duela gutxi, gainera, Forqué saria irabazi du laburmetraiak, eta Clermontisff jaialdian Nazioarteko epaimahaiaren Aipamen berezia ere jaso zuen.

Atseden hartzeko tarte gutxi izango du Urresolak. Izan ere, bere lehen film luzearen aurreneko urratsak oso oparoak ari dira izaten. Berlinaleko Sail Ofizialean estreinatuko da zinemagile laudioarraren 20.000 especies de abejas filma; jaialdi horretako Sail Ofizialean estreinatzen den lehen euskal filma bilakatuta. Espainiako Estatuan, aldiz, apirilaren 21ean estreinatuko da. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide