Joan den ostiralean, otsailaren 10ean, Ramiro Gonzalez Arabako diputatu nagusia eta Irma Basterra Lurralde Orekako diputatua Aiaran eta Okondon izan ziren bi udalerri hauek azken urteetan Garabideren bidez Obra eta Zerbitzuen Foru Planaren bitartez garatu dituzten proiektuak ezagutzen.
Foru Aldundiaren ustez, "inguru horretan inbertsiorik handiena egin duten toki-erakundeetako bi dira". Zehazki, Arespalditzako haurrentzako aisialdi parke berria eta Okondoko San Bartolome plaza bisitatu zituzten.
Aiara
Aiarari dagokionez, Arespalditzan eraikitzen ari diren haurrentzako aisialdi-parkea nabarmendu du foru erakundeak. Lan honek Garabide laguntza-linearen finantzazioa jaso du.
Laster Patxita Etxea erabilera anitzeko eraikina egokitzeko lanei ekingo diote. Proiektua dagoeneko esleitu da eta Obra eta Zerbitzuen Foru Planak finantzatuko du.
Horrez gain, Aiarako Udalak Etxaurren Ikastolako berokuntza- eta aireztapen-sistema hobetzeko proiektua egingo du, aldundiaren finantzazioarekin hau ere.
Okondo
Okondon ere izan ziren ahaldun nagusia eta Lurralde Orekako diputatua. Aldundiak udalerrian Garabide planari esker garatutako proiektuak goraipatu ditu: San Bartolome plazan altzariak jarri dituzte eta bidea egokitu dute, Landeta baserriko bidea egokitu eta konpondu dute, gaikako bilketarako paperontziak eta informazio-kartelak jarri dituzte eta hiru seinale-panel erosi dituzte.
Horrez gain, hirigunean saneamendu-sare berria egin dute Obra eta Zerbitzuen Foru Planari esker.
Aldundiaren iritziz, "plan horrek udalerriarentzat garrantzitsuak diren proiektuak ere ahalbidetuko ditu, hala nola Kultura Etxearen estalkia eta udal igerilekuak handituko dira edo ur bero sanitarioaren eta berogailuaren iturri energetikoa ordeztuko da Okondo eskolan".