ERREPORTAJEA

Komunitatean elkartzearen indarra

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko ots. 27a, 08:00
Eguzki-plaken instalazioa Faktorian. / Ruben Ladron de Gebara

Erregai fosilen agorpena, prezioen gorakada etengabea… Energia krisi batean murgilduta gaude bete-betean. Itsaso nahasi honetan komunitate energetikoak ari dira sortzen han-hemenka, energia berriztagarriak eta eredu jasangarriak ardatz, komunitatean elkartzearen indarra zukutzeko asmoz. Aiaraldean loratzen ari diren esperientziak ezagutu ditugu bertatik bertara.

Orain arte ezagutu gabeko krisi energetiko baten atarian askoren ahotan dagoen hitza da komunitate energetikoa. Han hemenka ari dira sortzen iraungipen data geroz eta gertuago duen erregai fosilen ereduaren aurrean alternatiba txiki bezain eraginkor gisa, eredu jasangarriago baten beharra aldarri.

Aiaraldean ere, hainbat dira azken urtean Komunitate Energetikoak sortzeko emandako urratsak. Herritar talde desberdinak batzen doaz, kezka komun bati erantzuna bilatzeko asmoz, eta gutxika-gutxika hedatuz doa eredua gure eskualdean ere. Baina, zer dira komunitate energetikoak?

“Komunitatea sortzea da ardatz nagusia, tokian tokiko energia erronkei aurre egin eta eredu jasangarriago batera jauzi egiteko” 

Komunitate energetikoak

“Komunitate energetiko bat energia erronkei aurre egiteko eta izaera juridikoa hartzen duen herritar talde bat da; izan elkarte, kooperatiba…”, laburbildu du Koldo Garcia Madariaga Goiner kooperatibako sorkuntza taldeko kideak. Bulego-tekniko lana egiten du Garciak nagusiki, instalazio desberdinetan sortu daitezkeen gai teknikoetan aholkularitza eskaintzen eta bidelagun izaten. Faktorian izan da Koldo Garcia azken asteetan, komunitate energetiko baten ernamuina izan daitekeen instalazio fotovoltaiko bat jartzen.

Komunitate energetiko bat ez da soilik autokontsumorako plaka fotovoltaiko batzuen instalaziora mugatzen Garciaren aburuz: “Komunitatea sortzea da ardatz nagusia, tokian tokiko energia erronkei aurre egin eta eredu jasangarriago batera jauzi egiteko”. Horrela definitzen du Goienerrek komunitate energetikoa, erabakimen espazio bat funtsean. “Guk indarra jartzen dugu komunitate hitzan, ez energian. Elkar ezagutza sustatzea eta herri mugimendu bat hauspotzea”.

Soxoko eredua

Eredu honekiko interes hazkunde agerikoa da. Aiarako Soxo herria da horren adibide argi bat. Abenduan sortu zuten komunitate energetikoa eta urrats handiak egin dituzte herrian energia-berriztagarriak nagusi izateko. “Herriarentzako energia garbia eta fakturan aurreztea izan dira komunitate energetikoa sortzerako orduan genituen helburu nagusiak. Hemendik aurrera sortu daitezkeen dinamika desberdinak ere, joango gara ikusten nora garamatzaten gure urratsek”, azaldu du Ascen Agirrek, Soxoko Administrazio Batzarreko lehendakariak.

Duela bi urte inguru hasi ziren herrian gaia mugitzen diru-laguntza batzuk zirela eta ez zirela. Gaian sakondu ahala, beste esperientzia batzuk ezagutzen joan ziren, tartean Arabako La Sierra herrikoa, inguruan sorturiko lehendabiziko energia komunitateetako bat. Horien bidez, IE+P Komunitate Energetikoen Sarearekin jarri ziren harremanetan. Eredu desberdinak ezagutu ostean, Arabako hainbat kontzejutan jarraitutako bidea hartzea erabaki zuten euren komunitate propioa sortzeko. “Administrazio Batzarrak hartu du proiektua babestu eta dinamizatzeko ardura, eta honek   finantzatzatuko du instalazioa. Behin hori eginda komunitate energetikoari lagatuko dio energia ekoizpena, eta herritarrek faktura bidez ordainduko dute Batzarrak egindako inbertsioa. Gure kalkuluen arabera, bi urteren buruan amortizatuta egongo litzateke”, nabarmendu du Agirrek.

“Soxon Administrazio Batzarrak hartu du proiektua babestu eta dinamizatzeko ardura eta honek ordainduko du eguzki-plaken instalazioa”

Modu horretan instalazio fotovoltaikoa herriaren esku uzti nahi dute: “Administrazio Batzarra beti egongo da hemen, auzokideak etorri eta alde egiten dute”. 

Horretarako, Europako Funtsetatik eratorritako diru-laguntzak probestu dituzte. “Europar Batasunak dirutza jarri du komunitate energetikoak sortzeko, eta diru-laguntza hori askoz handiagoa da baldin eta erakunde publiko bat tartean badago”, azpimarratu du Koldo Mendioroz Soxoko bizilagunak. Nabarmendu du Adiminstrazio batzarren eredua oso egokia dela horretarako, oso gertuko instituzioa delako. Herri txikietatik haratago, udal handiagoetan ere hartu dute bide hori, besteak beste, Gasteizko Udalak Komunitate Energetikoak sustatzeko egindako apustua jarri du Mendiorozek horren adibide: “Hirietan ere, horrelako ereduaren aldeko apustua egin daiteke”.

Proposamenak arrakasta handia izan du Soxon: “Bizilagun guztiak batu gara komunitate energetikora, bizpahiru geratu dira kanpoan momentuz”. Araudian egondako azken aldaketek eman diote Soxoko herriari proiektua hedatzeko aukera. Izan ere, orain energia sortzen den puntutik bi kilometrotaraino dauden hartzaileak sartu daitezke komunitate energetiko bakarrean.

Herritar guztien kontsumo azterketa egiten ari dira orain, instalazioaren nolakotasuna definitzeko, eta txosten hori egindakoan Iberdrolari entregatuko diote, sare elektrikorako sarbide-puntua eskatzeko. “Orain arte alderantziz egin da kasu askotan: instalazio fotovoltaikoa egin lehenengo, eta sarbide puntua eskatu gero. Baina, ikusi dugu horrek arazoak sortu dituela zenbait herrietan. Izan ere, Iberdorolak hainbat zailtasun jarri ditu. Amarita herrian adibidez, bost hilabete itxaron behar izan zituzten Iberdorlak konexioa baimendu arte”, azaldu du Mendiorozek. Ez dira gutxi erraldoi energetikoak horrelako ereduei jartzen ari zaizkion trabak, baina beldurrak alde batera uzteko eskatu du Mendiorozek: “Badago esaten duenik horrelako instalazioak jartzerakoan Iberdrolak utzi egiten diola sare elektrikoaren mantenimendua egiteari. Hori gezur biribila da. Europar Batasunaren arabera, 2030erako kontsumitutako energia guztiaren %40 autokontsumo bidezkoa izan behar da; hori da errealitatea”.

Sarera konektatzeko zain

Une honetan sarbide-puntuaren zain daude Soxoko bizilagunak, eredu jasangarriago baterantz urrats gehiago emateko asmoz. Behin sare elektrikora konexioa lortuta, herriko txokoan jarri nahi dute instalazio fotovoltaikoa: “Izan ere, esku artean dugun beste proiektu bat herriko bolatokia konpontzea eta estaltzea da. Horrek txokoaren teilatua handitzea suposatuko du, instalazio fotovoltaikoa handitzeko aukera emanez. Herri guztiarentzako zerbitzua eskainiko duen instalazio bat izango dugu horrela”, adierazi du Iban Barrera auzokideak. “Hasieran, 40 plaka genituen aurreikusita, baina proiektuaren arrakasta ikusita, gehiago beharko ditugu herritar guztion beharrak asetzeko”. Kalkuluen arabera, bataz beste, 220 euro aurreztuko du bizilagun bakoitzak urteko fakturan.

Soxoko mugetatik gaindi ere, Aiarako beste hainbat bazterretan ere hasi dira komunitate energetikoak sortzeko urratsak ematen; horren adibide dira Luiaondo, Zuatza edota Izoria.  Aiaran ez bakarrik, beste herri batzuetara ere iritsi da egitasmoa, Urduñara kasu.

Urduñan ere

Soxon baino pauso bat atzerago baina determinazio berdinarekin ari dira Urduñan ere eredu jasangarriak hirian sustatzeko lanetan. Goienerrekin batera, formakuntza ari dira jasotzen azken hilabeteetan komunitate energetikoa zer den eta zer eredu dauden ezagutzeko. Apirilean espero dute formakuntza bukatzea. Proposamenak interes handia sortu du herritarren artean, eta hilabetez hilabete, bi astean behin, 30 lagun inguru elkartzen dira Goienerrek Alondegian eskaintzen dituen formakuntza saioetan. Urduñako Udalak berak ere laguntza handia eskaini die proiektuan.

“Urte asko generamatzan horrelako zerbait egiteko gogoekin, Mikel Cormenzanak iniziatiba hartu eta honetan murgildu gintuen arte”, azaldu du David Hosking urduñarrak.

“Barazki batzuk landatzeak eta eguzki-plaka batzuk jartzeak zerikusirik ez dutela irudi dezake, baina pertsonen arteko sarea ehuntzeko ezinbesteko piezak dira guztiak”

Nondik jo jakin nahian Hernaniko alkatea gonbidatu zuten konferentzia batera, bertako esperientzairen inguruan solasteko. “Asko gustatu zitzaidan, ikusi nuelako energia ekoizpenetik haratago ere jendea elkartu eta beste dinamika batzuetan sartzeko kabida ematen zutela komunitate energetikoek”. Bitxobola elkarteko kidea da Hosking, eta ingurumenarekiko interesa izan du beti: “Oso erakarria sentitu nintzen ingurumenaren zaintzaz harago subiranotasuna lantzeko tresna ere badelako honakoa, baita komunitatea sortzekoa ere”. 

Komunitate energetikoak izango duen forma juridikoa ari dira adosten orain, baita zer inbertsio egingo dituzten eta inbertsio horiek nork asumituko dituen. 

Etorkizuneko eredu hori marrazten doazen bitartean, komunitate energetikoak Urduñan jokatu dezakeen paper garrantzitsuaz ere hausnartu du Hoskingek: “Proiektu honek eskaintzen dituen aukeren ikuspuntu oso zabala daukagu. Urrats garrantzitsuak eman dira Urduñan azken urte hauetan agroekologia erdigunean jarri eta nekazari zein kontsumitzaileen arteko sareak estutzeko asmoz. Komunitate energetikoak dimentsio berri bat gaineratuko dio proiektu integral horri. Hasiera batean barazki batzuk landatzeak eta eguzki-plaka batzuek zerikusirik ez dutela irudi dezake, baina sarea ehuntzeko ezinbesteko piezak dira guztiak”.

“Energia horren jabe zaren heinean, energia hori ere modu jasangarri batean kudeatu beharra dago”

Eguzki plakak Faktorian

Eskualdeko komunitate energetiko berri baten ernamuina izan daitezke ere Goienerrek Faktoriako teilatuan instalatutako 30 plaka-fotovoltaikoak. Instalazioak 13,75 kW sortuko ditu, batez beste, Faktoriako jarduna elikatzeko. Instalazioa gauzatzeko urte osoko kontsumoen azterketa egin du Koldo Garcia Goinerreko kideak, Faktoriako beharretara hobekien egokitzen den instalazioa zein izan daitekeen ebatzi aurretik. “Instalazio fotovoltaikoa kontsumoei egokitua izan behar da, Faktoriakoa ez da oso handia, baina urtean erabiltzen den energiaren erdia autokontsumoan ekoiztuko da. Gure kalkuluen arabera, %30a erabiliko da eta gainerako %20 soberakinak izango dira”, azaldu du Garciak, "argindarra ez datorrelako urrutitik eta energia-galerak askoz txikiagoak direlako.

Energia soberakin horretan arreta jartzearen beharra azpimarratu du Goienerreko kideak. Izan ere, energia berriztagarrien instalazio batek kontsumo ereduan eraldaketa bat ekarri behar du horrenbestez. “Gaueko kontsumoak murriztuz, edota eguzki ordu jakinetan kontsumoa handituz soberakin horrekin jolastu daiteke, ekoiztutako energia ahalik eta gehien zukutzeko”, azaldu du Garciak. “Horretarako oso lagungarria da instalazio fotovoltaikoa zure teilatuaren gainean egotea, aplikazio baten bidez ikusi dezakezulako unean une zenbat energia ari zaren sortzen eta zenbat kontsumitzen zauden. Energia horren jabe zaren heinean, energia hori ere modu jasangarri batean kudeatu beharra dago”, aldarrikatu du Koldo Garciak. Kontsumoa jaisteak gainera, sare-elektrikoan ere onura dakarrela azpimarratu du Garciak. Energia kontsumoa jaistearen beharra parez pare irekita dagoen energia-krisiaren aurrean sortzen den erronka ere bada, energia asko kontsumitzen dugu eta ezinezkoa da erregai-fosiletatik eratorritako kontsumo guzti hori energia berriztagarriengatik ordezkatzea. “Hori da gaur egun dugun dilema: energia asko kontsumitzen dugu, nahi dugu erregai-fosiletatik energia berriztagarrietara jauzia egin C02 isuriak murrizteko asmoz, baina ez dugu gaitasunik kontsumo maila horiek asetzeko”, azaldu du Garciak. Ertzez beteriko erronka handi horren aurrean, egitasmo oso txikia da energia komunitateen sustapena, baina komunitatean batzeak eta pentsatzeak urrats handiagoak emateko indarra dira zalantzarik gabe.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide