ELAk irabazi ditu Tubacexeko hauteskunde sindikalak, eta LABek izan du gorakadarik handiena

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko ots. 24a, 09:00

Enpresa Batzordeko kideak zuzendaritzarekin bilera batera sartzeko zain. / Aiaraldea.eus

Hauteskunde sindikalak egin zituzten atzo Tubacexeko hiru lantegietan. ELAk lortu du bozen gehiengoa eta 11 ordezkari izango ditu. STAT, LAB eta CCOO sindikatuek ere ordezkaritza izango dute langile batzordean. LABek izan du gorakadarik handiena, bigarren indarra da boto kopuruan.

Tubacexeko beharginek langile batzorde berria bozkatu zuten atzoko hauteskunde sindikaletan. ELA sindikatuak lortu du babesik zabalena, 2019ko hauteskundeetan lortutako ordezkari kopuru berdinari eutsiz, 11 guztira. Bozka guztien %34 eskuratu ditu ELAk, eta sindikaturik bozkatuena izan da TTI Laudio eta TTI Amurrio lantegietan.

"Hauteskundeak irabazi izanak are gehiago berresten du, ELAren ustea konfrontazioa eta mobilizazioa direla Tubacexen
lanpostu eta lan baldintzak defendatzeko biderik egokiena" adierazi dute sindikatu irabazletik.

STAT sindikatuak azken hauteskundeetan eskuratutako ordezkari kopuru bera izango du. Horrenbestez, 9 ordezkari izango ditu langile batzordean aurrerantzean. STAT izan da hiru lantegietako alor guztietan ordezkariak eskuartu dituena.

LABek hazkunde handiena

LAB sindikatuak izan du hazkunderik handiena 2019ko hauteskunde sindikalekin alderatuta. 2019an 61 bozka eta bi ordezkari lortu zituen. Azken hauteskunde hauetan, ordea, bigarren indarra izatera iritsi da boto kopuruari dagokionean (162 boto), eta lehenengo indarra da Aceralava lantegian. Aurrerantzean 8 ordezkari izango ditu sindikatu abertzaleak enpresa batzordean.

CCOOk izan du ordezkari galerarik handiena. 6 ordezkari izatera iritsi zen 2019an. Oraingoan, aldiz, ordezkarien erdia izango du, hiru, ordezkaritza txikiena duen sindikatua bilakatuz.

Hauek dira emaitzak:

    • ELA: 205 boto, 11 ordezkari
    • STAT: 147 boto, 9 ordezkari
    • LAB: 162 boto, 8 ordezkari
    • CCOO: 63 boza, 3 ordezkari

Greba osteko hauteskundeak

Duela bi urte abiatutako eta ia zortzi hilabetez luzatutako grebak markatu ditu Tubacexeko azken hauteskunde sindikal hauek. 2021ean Tubacexek 150 langile kaleratzeko asmoa jarri zuen mahai-gainean, eta langileek greba mugagabea abiatu zuten lanpostuak defendatzeko asmoz. Euskadiko Justizia Auzitegiak grebalariei arrazoia eman ostean, 2021eko urrian Tubacexeko zuzendaritzarekin akordioa sinatu zuen langileen ordezkaritzaren gehiengoak, kaleratutako langileak berriz hartuz.

Bidean bi sindikatu desagertu dira Tubacexeko enpresa batzordetik; USO alde batetik (greba hasi aurretik LABekin batu zena), eta greba mugagabea hasi zenean hiru ordezkari zituen independenteen sindikatua. Aiaraldea Komunikabidea Independenteetako ordezkari ohi batekin jarri da harremanetan eta berak berretsi du erakundeak ez duela zerrendarik aurkeztu hauteskunde hauetan: "Norberak bere bidea eta apustua egin du, ez gara beste zerrenda batera batu".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide