Gorobel Mendilerroa Paisaia Natural Babestu izendatzea eskatu du Elkarrekin Podemos-IUk

Jone Gartzia Gerra 2023ko mar. 1a, 14:00

Gorobel mendilerroa babestutako espazio izendatu nahi du koalizioak. / Irene Aspuru

Arabako Errioxa babesteko ere eskatu du taldeak, “berandu baino lehen”, ondare natural, kultural eta estetiko gisa duen balioagatik.

Elkarrekin Podemos-IU taldeak Arabako Batzar Nagusietan eskatu du Gorobel Mendilerroa eta Arabako Errioxa Paisaia Natural Babestu izendatzeko. 2005. urteaz geroztik Arabako Foru Aldundiak Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogo bat duen arren, gaur egun babestutako paisaia natural bakar bat ere ez dagoela salatu du koalizioak. Ondorioz, horietako batzuk “hondatu” egin direla eta beste batzuk “arriskuan” daudela gaineratu du David Rodriguez Llinares bozeramaileak. Horien artean daude, talde politikoaren iritziz, Gorobel Mendilerroa eta Arabako Errioxa. “Erasoen aurka babestera behartuta gaude berandu baino lehenago”, adierazi du Rodriguezek.

Izan ere, nahiz eta Eusko Jaurlaritza 2009an atxiki zen Paisaiaren Europako Hitzarmenari eta Euskadiko Natura Ondarea Kontserbatzeko Legeak lehen aldiz sartu dituen paisaiak Naturagune Babestuen barruan, Elkarrekin Podemos-IU kexu da gaur-gaurkoz ez delako paisaia natural bakar bat ere izendatzeko proposamenik egin.

“Horregatik, Elkarrekin Podemos-IU taldeak proposatu du Foru Gobernuak gidatzea bi paisaia natural babesturen lehen proposamena: Arabako Errioxa eta Gorobel mendilerroa. Babestutako Paisaia Naturalak babes berezia merezi duten lurraldeak dira, beren balio natural, estetiko eta kulturalengatik”, adierazi du koalizioak ohar bidez.

Oharrean azaldutakoaren arabera, Gorobel Mendilerroa Aparteko Paisaiatzat jotzen da Arabako Lurralde Historikoko Paisaia Berezien eta Apartekoen Katalogoan, eta “balio handia du paisaiari zein ekologiari dagokienez”. Iberiar penintsula osoko ur-jauzirik handienak -Nerboi ibaiaren sorrera- eta haranaren hondoko belardiek egiten dute horren berezi, taldearen esanetan.

Paisaiak babestearekin, hauen funtzionaltasun ekologikoa zaintzeaz gain, tokiko biztanleen natura- eta kultura-ondareak zaintzen direla azaldu du David Rodriguezek, eta “euskal nortasunari” laguntzen zaiola horrela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide