Aiarako Biraren XXXIII. edizioari hasiera emango diote larunbatean Arespalditzan

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko mar. 7a, 16:14
Aiaraldeko errepideak hartuko dituzte txirrindulari kadeteek datozen egunetan. / Aiaraldea.eus

Aiarako Biraren edizio berri bati helduko diote larunbatean Arespalditzan. Espainiako Estatuko hainbat txokotatik etorritako 32 klubek hartuko dute parte; 200 kirolari guztira. Kadete mailako erreferentziazko lasterketa bilakatu da honakoa, eta aurtengo edizioan berrikuntza batzuk txertatu dituzte.

Aiarako Biraren XXXIII. edizioa ate-joka dago. Kadete mailako lasterketa entzutetsuak larunbat honetan izango du lehenengo jardunaldia Arespalditzan. Aurretik, kirol-probaren nondik norakoak gertuagotik ezagutzeko aukera egongo da ostiral arratsaldean Aiarako Udalbatza Aretoan egingo duten aurkezpen saioan.

Ospe handiko kirol-proba

Edizioz edizio kadete-mailako prestigio handiko lasterketa bilakatu da Aiarako Bira. Horren adierazle dira Espainiako Estatutik etorritako dozenaka taldeak. Aurten 32 txirrindularitza klubek hartuko dute parte lasterketan, 196 txirrindulari guztira. Horien artean dago, adibidez, Kanariar Uharteetatik etorriko den Gran Canaria Bike Team taldea.

Berrikuntzaz beterik

Antolatzaileek prest dituzte honezkero Aiarako Biraren XXXIII. edizioa osatuko duten sei jardunaldiak. Horien artean, martxoaren 18an Laudion jokatuko den erlojupekoa izango da berritasun nagusietako bat. Lasterketaren historian lehenengo aldiz banakako erlojupeko proba egingo dute.

Txirrindulariek %11ko desnibela duten igoerei egin beharko diete aurre, 2,3 kilometroko ibilbidean. "Etapa honek txapela irabazteko hautagaiak hautatuko ditu" adierazi dute antolatzaileek.

Etapak prest

Gainerakoan, ohiko osagaiak izango dira Biraren protagonista nagusiak. Arespalditzako etapaz gain, Amurrioko lasterketa ere jokatuko da asteburu honetan, igandean hain zuzen ere. Sprint-ean erabakiko den jardunaldia izango da, aurreratu dutenez.

Martxoaren 19ko Okondoko etapak, aldiz, exijentzia maila zertxobait igoko du, 1.186 metroko desnibela batuko duten sei igoera garrantzitsurekin. Azken-aurreko jardunaldiak Artziniegako kaleetako harrizko zoladuran jarriko du lehiaren epizentroa, martxoaren 25ean.

Azken jardunaldia Maroñoko urtegian amaituko da, "paraje paregabe batean". Martxoaren 26ko jardunaldia "etapa nagusitzat" jo dute antolatzaileek.

"Liderrari erasotzeko ibilbide bat badago, hau da" adierazi dute antolakuntzatik. Txirrindulariek Askargan, Las Chozas eta Beotegiko gainetatik igaroko den 57 kilometroko luzera eta 1.186 metroko desnibel positiboa duen ibilbideari egin beharko diote aurre txapela nork eramango duen ebatzi aurretik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide